Europako Batzordeak Belgika, Irlanda eta Espainia EBko Justizia Auzitegira eramatea erabaki du gaur, ez baitituzte jakinarazi gurasoen eta zaintzaileen familia-bizitza eta bizitza profesionala kontziliatzeko EBren eskubideak herrialdeko ordenamendu juridikora ekartzeko neurri nazionalak [2019/158 (EB) Zuzentaraua].
Familia-bizitza eta bizitza profesionala kontziliatzeari buruzko zuzentaraua, 2019an onetsia, garrantzi biziko lege-egintza bat da, eta haren helburua da lanean ari diren gurasoei bizimodu pribatua eta profesionala hobeki uztartzeko aukera ematea. Aitatasun-baimenerako, guraso-baimenerako eta zaintzaile-baimenerako gutxieneko arauak ezartzen ditu, baita lan-formula malguak eskatzeko eskubidea ere. Arau berri horien helburua da karrera profesionalaren eta familia-bizitzaren garapena erraztea, bietako bat bera ere sakrifikatu gabe. Zuzentarauak baimenak hartzeko aukera ematen die lan egiten duten guraso eta zaintzaileei, beharra duten senitartekoak zaindu ahal izateko.
2022ko abuztuaren 2an amaitu zen Familia-bizitza eta bizitza profesionala kontziliatzeari buruzko Zuzentarauaren xedapenak zuzenbide nazionalera ekartzeko epea. 2022ko irailean, Batzordeak epatze-gutuna bidali zien zuzentarauaren erabateko transposizioa jakinarazi ez zuten hemeretzi estatu kideei. 2023ko apirilean, Batzordeak irizpen arrazoituak bidali zizkien transposizioa erabat jakinarazi ez zuten hamaika estatu kideei. Herrialde horiek bi hilabete zituzten irizpen arrazoitua onartzeko beharrezko neurriak hartzeko. Belgikak, Irlandak eta Espainiak oraindik ez dituzte jakinarazi transposizio-neurriak. Gaiak legegintzako prozedura arruntean onetsitako zuzentarau baten transposizio-neurriak ez jakinarazteari buruzkoak direnez, Batzordeak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari eskatu dio ezartzeko zigor ekonomikoak estatu kideoi.