2023ko abenduaren 14an (osteguna), 11:00etan, POCTEFA programaren Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren estrategia aurkeztuko dute Irungo FICOBA aretoan.
Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak koordinatzen du Mendebaldeko Eremu Funtzionala garatzeko eta dinamizatzeko POCTEFAren bost eragiketa estrategikoetako bat: AFOMEF.
Mendebaldeko Eremu Funtzionala Pirinioetako mendigunearen eta Bizkaiko golkoaren elkargunean dago, eta Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berriko eskualdearen hegoaldeko eremua hartzen du, Baretous haraneraino. Benetako bizitza-arroa eta toki erabakigarria da mugaz haraindiko mugikortasunerako. Lotura historiko eta kultural handiko eremua da, euskara da guztien arteko hizkuntza komuna eta, horretaz gainera, askotariko natura-ondarea du. Horrekin guztiarekin batera, harreman handia dute hirurek ere elkarrekin, eta, hori guztia hala den heinean, modu berritzaile eta integratuan landu behar dira lurralde-erronka erkideak ere.
Ikuspegi orokor eta partekatu horrek balioa ematen dio Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren potentzialari, eta, horretarako, Lurralde Estrategia Integratu bat lantzen da elkarlanean. Haren azken helburua izanen da modu eraginkorragoan heltzea Mendebaldeko Eremu Funtzionaleko biztanleen eguneroko arazoei. Estrategiak esku-hartze ildoak eta ekintzak proposatuko ditu, zeinek proiektu egituratzaileak ekarriko baitituzte, guztia ere lan-eremuko erronka iraunkorrei, joan-etorriei eta komunikazioari mugaz gaindiko ikuspegiarekin erantzun ahal izateko. Horrela, mugaz gaindiko eremu funtzionaletako bizi-arroak benetako berrikuntza-laborategi bihurtuko dira lurralde-lankidetzaren esparruan.