Europar Batasunean ziberresilientzia hobetzeko eta etorkizunean segurtasun-zerbitzu kudeatuetarako Europako ziurtapen-araubideak posible egiteko, Udal Entitateen Ordezkari Iraunkorren Europar Batasuneko Batzordeak (Coreper) jarrera bateratzea lortu du, 2019ko EBko Zibersegurtasun Legearen aldaketa espezifiko bat egiteari dagokionez.
Enpresa espezializatuek bezeroei ematen dizkieten “segurtasun-zerbitzu kudeatuak” funtsezkoak dira zibersegurtasun-intzidenteak prebenitzeko, detektatzeko eta haiei erantzuteko, bai eta halakoetatik berroneratzeko ere. Zerbitzu horien artean ageri dira, esate baterako, intzidenteak detektatzea edo haiei erantzutea, sartze-probak edo segurtasun-auditoriak egitea, edo aholkularitza eskaintzea.
Europar Batasunean zibersegurtasun-gaitasunak indartzeko EBko ziberelkartasunari buruzko lege-proposamen batekin batera aurkeztu da EBko Zibersegurtasun Legearen aldaketa espezifikoa, eta haren helburua da zibersegurtasuna ziurtatzeko Europako araubideak txertatzea “segurtasun-zerbitzu kudeatu”etarako, betiere 2019ko Erregelamenduaren aplikazio-eremuan.
Zuzenketa horri esker, beraz, Europako ziurtapen-araubideak ezartzen ahalko dira zerbitzu horietarako. Lagungarria izanen da kalitatea eta bateragarritasuna areagotzeko, eta konfiantzazko zibersegurtasun-zerbitzuen hornitzaileak agertzea sustatuko du; saihestu eginen du, orobat, barne-merkatuaren zatiketa, estatu kide batzuk hasiak baitira araubide nazionalak ontzat ematen segurtasun zerbitzu kudeatuak ziurtatzeko.