Europako Batzordeak informazio gehiago eskatu dio Amazoni, bai arriskuen ebaluazioekin lotutako eginbeharrak betetzeko hartu dituen neurriei buruz, bai onlineko kontsumitzaileak babesteko hartu dituen arintze-neurriei buruz.

Informazio-eskaera hori bereziki zuzendua da legez kanpoko produktuen zabalkundera eta oinarrizko eskubideak babestearen alorrera, eta jakin nahi du, orobat, konpainiaren gomendio-sistemak bat ote datozen Zerbitzu Digitalen Legean jasotako xedapenekin.

Amazonek 2023ko abenduaren 6a baino lehen helarazi beharko dio eskatutako informazioa Europako Batzordeari, eta, ematen dituen erantzunen ebaluazioan oinarriturik, hurrengo urratsak aztertuko ditu Batzordeak. Baliteke, beraz, formalki abiaraztea Zerbitzu Digitalei buruzko Legearen 66. artikuluak aurreikusten duen prozedura.

Bestalde, lege beraren 74. artikuluko 2. apartatuaren arabera, Europako Batzordeak isunak jartzen ahalko ditu informazio okerra, osatugabea edo engainagarria emateagatik, informazio-eskaera helarazi ondotik Amazonek ez badu erantzuten, Europako Batzordeak erabakitzen ahalko du informazioa eskatzea, erabaki baten bidez. Epe barruan erantzunik jaso ezean, hertsatzeko isunak jartzen ahal dizkio konpainiari.

Onlineko plataforma handi izendatua izan ondotik, Amazon beharturik dago Zerbitzu Digitalen Legea betetzera, eta ebaluazio- eta aritze-eginbeharrak izanen ditu, orobat, eduki desegokiak eta kaltegarriak hedatzearekin lotutako arriskuei eta oinarrizko eskubideak baliatzeko zernahi ondorio negatibori dagokienez.

Zerbitzu Digitalen Legea