Enpresentzako Europako Sarea (EEN, ingelesezko siglen arabera) enpresa txiki eta ertainei laguntzeko munduko sarerik handiena da, eta, aurten, Bilbon egin du urteroko konferentzia.
«EEN 15: enpresa txiki eta ertainek jarraitu beharreko bidea sustatzea» izan da konferentziaren gaia, eta bertatik bertara aztertu dute sareko enpresei laguntzeko zerbitzuek zer-nola erantzuten ahal dioten ETEen premien bilakaerari. Horrekin batera, sarearen 15. urteurrena ere ospatu dute.
Urteroko konferentzia izaten da EENren ekitaldirik garrantzitsuena, eta 3.000 aditu baino gehiago elkartzen ditu, 450 herrialde baino gehiagotako 40 erakundetatik etorriak, hala nola eskualdeko berrikuntza- eta garapen-agentziak, merkataritza- eta industria-ganberak, zentro teknologikoak eta ikerketa-institutuak. Aurten, konferentziak 800 parte-hartzaile batu ditu Bilbon, baina gehiagok ere jarraitu dute online.
Konferentzia ETEen Batzarrarekin batera antolatzen da, Europan enpresa-espiritua eta ETEak sustatzeko ETEen Europako Asteko osagai nagusi gisa. Tailer eta saio bateraturen bidez, parte-hartzaileek eztabaidatuko dute zer-nola laguntzen ahal duen sareak Europako industria-trantsizioan. Horretaz gainera, jardunbide egokiak trukatuko eta sinergiak sortuko dituzte, eta gogoeta ere eginen dute Enpresentzako Europako Sareko zerbitzuen kalitatea eta ikusgarritasuna hobetzeari buruz. Konferentziak informazio garrantzitsua emanen du, eta lagungarria izanen da EENren etengabeko ahaleginetarako: ETEei laguntzea berritzen, nazioartean hazten, eta lankidetza eta sinergiak sustatzea sareko kideen artean mugetatik harago.