Araudiak ezartzen duen helburua da 2030erako Europar Batasuneko lehorreko eta itsasoko azaleren gutxienez % 20 lehengoratzea, bai eta lehengoratu beharra duten ekosistema guztiak ere, 2050erako. Legeria hori funtsezkoa da klima-aldaketari eta biodibertsitatearen galerari aurre egiteko, bai eta elikagaien segurtasunerako arriskuak murrizteko ere.
2022ko ekainean, Europako Batzordeak Natura Lehengoratzeko Legearen proposamena onetsi zuen. Lege horren helburua da naturaren egoera hobetzea, lurreko eta itsasoko ekosistema askotan helburu eta betebehar lotesleak ezarriz.
Erregelamendua Biodibertsitateari buruzko 2030. urtera bitarteko Estrategiaren barruan dago, eta Europar Batasunari lagunduko dio nazioarteko konpromisoak lortzen, bereziki Kunming-Montrealgo Biodibertsitaterako Mundu Esparrua, zeina adostu baitzen Nazio Batuen 2022ko Biodibertsitateari buruzko Konferentzian (COP15).
Kontseiluak eta Europako Parlamentuak erregelamendu berria formalki onartu beharko dute orain; horren ondoren, lege berria EBren Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta 20 egun geroago jarriko da indarrean. Ondoren, estatu kideek natura lehengoratzeko lehen plana aurkeztu beharko diote Europako Batzordeari, indarrean sartu eta bi urteko epean.