Azaroaren 23an, Europako Batzordeak proposamenak aurkezteko bi deialdi eginen ditu, Europan teknologia garbi berritzaileen hedapena bizkortzeko. Honako hauek dira: 2023ko Berrikuntza Funtsaren deialdia eta 2023ko Berrikuntza Funtsaren enkantea. Bi deialdiek 4.800 milioi euro jarriko dituzte Europako teknologia garbien industriaren eta eragileen eskura, Europako Itun Berdearen eta Zero Emisio Garbiko Industriari buruzko Legearen helburuak babesteko.
2023ko Berrikuntza Funtsaren deialdiak 4.000 milioi euro eskainiko ditu, gehienez, hainbat sektoretako proiektuetarako, hala nola deskarbonizazioa, teknologia garbien fabrikazioa, energiaren erabilera intentsiboko industriak eta itsas garraioa. Eskabideak aurkezteko epea 2024ko apirilaren hasierara arte egonen da zabalik.
Bestalde, 2023ko Berrikuntza Funtsaren enkantearen helburua da hidrogeno berriztagarria ekoizten laguntzea. Mota horretako lehenengoa da Europan. Lizitatzaileek (proiektuen garatzaileek) 800 milioi euroko aurrekontua izanen dute. Enkantea Berrikuntza Funtsak finantzatzen du, eta EBko Hidrogeno Bankuaren funtsezko elementua da. Eskaintzak 2024ko otsailaren 8ra arte aurkezten ahalko dira.