Kontseilu Europarra urriaren 26an eta 27an bildu da Bruselan, eta batez ere gai hauek aztertu ditu: Ekialde Hurbileko egoera, Ukrainari emandako laguntza eta EBren 2021-2027rako aurrekontuen berrikuspena.
Hogeita zazpiek Ekialde Hurbilean bakea eta segurtasuna izateko ekimen diplomatikoak onetsi dituzte, eta laster nazioarteko bake-konferentzia bat egitearen alde daudela adierazi. Halaber azpimarratu dute ezen Europar Batasuna prest dagoela prozesu politiko bat suspertzen laguntzeko: oinarri gisa bi estaturen bidezko konponbidea duen proiektua, hain justu.
Pedro Sánchez Espainiako gobernuko jarduneko presidenteak Ekialde Hurbilari buruzko nazioarteko bake-proposamena planteatu eta defendatu zuen, bere maila bereko agintari europarren aitzinean.
Kontseilu Europarrak azpimarratu du Israelek eskubidea duela bere burua nazioarteko zuzenbidearen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren arabera defendatzeko, eta Hamasi dei egin dio bahituak berehala aska ditzan.