Batzordeak komunikazio berri bat onetsi du, Europako Administrazio Esparruaren Hobekuntza[1] (ComPAct) izenekoa. Bertan, neurri zehatz batzuk proposatzen dira, administrazio publikoei Europa osoko pertsonen eta enpresen beharrak asetzen laguntzeko.
ComPAct da Batzordearen lehen neurri multzo osoa, administrazio nazionalen modernizazioa bultzatzeko eta herrialdeen arteko lankidetza indartzeko, erronka komunei elkarrekin aurre egin ahal izateko.
Estatuko, eskualdeko eta tokiko administrazio publiko eraginkorrak funtsezkoak dira estatuetako lehentasunak eta EBkoak tokian bertan betetzeko, pertsonei zein enpresei mesede eginen dieten politikak eta erreformak aplikatzeko, eta inbertsio estrategikoak trantsizio ekologiko eta digitalerantz bideratzeko. Administrazioak oso lagungarriak dira EB osoan lehiakortasun handiagoa lortzeko.
Estatuetako politikak eta EBkoak hobeki aplikatuta eta administrazio jarduera eraginkorragoa izanda, europarren iguripenei erantzunen zaie, burokrazia murriztuko baita eta gardentasuna areagotuko baita. Gainera, berekin ekar lezake EBko herritarrek eta enpresek milaka milioi euro aurreztea urtean.
Komunikazio horrek aintzat hartzen ditu, halaber, kanpo nahasmenduek eragindako presioak eta talentua kontratatzeko eta erakartzeko zailtasunak, bai eta gero eta konplexuagoak diren gaiei buruzko ezagutza espezializatuak eskuratzeko zailtasunak ere, hala nola trantsizio ekologikoari eta digitalari buruzkoak. Asmo handiko programa politiko hori gauzatzeko, administrazio publiko erresilienteak egon behar dira, estatu kideen maila guztietara egokitzeko modukoak.