Europako Batzordeak aurtengo Marie Skłodowska-Curie (MSCA) ekintzen deialdia egin du, eskualdeetako, estatuetako edo nazioarteko programak kofinantzatzeko (COFUND).

Deialdiak 96,6 milioi euroko aurrekontua bideratu du, eta doktoregoko prestakuntza-programak eta kalitate handiko doktorego ondoko beka-programak kofinantzatuko ditu. MSCA COFUND bidez, edozein erakundek jaso dezake finantzaketa —baita unibertsitateek, ikerketa-zentroek, enpresek edo eskualde- eta estatu-agintaritzek ere—, betiere beren prestakuntza-programak garatzeko eta babesteko. Erakunde horiek eskualdekoak, nazionalak edo internazionalak izaten ahal dira, nazioarteko talentua erakartzera eta ikerketa- eta berrikuntza-gaitasuna areagotzera bideratuak.

Ildo horretan, hauxe adierazi du Iliana Ivanovak, Berrikuntza, Ikerketa, Kultura, Hezkuntza eta Gazteriako komisarioak: «Ekimen honi esker, ikerketa egiten, finantzatzen edo babesten duten Europako erakundeek aukera bikaina dute baterako finantzaketa jasotzeko; finantzaketa hori bideratzen ahal da ikertzaileen trebakuntzara, garapen profesionalera eta mugikortasunera zuzendutako programetarako, izan berriak edo izan lehendik ere martxan daudenak. Horrek mesede garbia eginen dio ikertzaileen etengabeko ikaskuntzari. Biziki animatzen zaituztet deialdian aurkeztera eta mundu zabaleko talentuak erakartzera zuen erakunde, eskualde edo herrialdeetara».

Hautatutako proiektuek MSCAren jardunbide onenak zabalduko dituzte, eta diziplina ugaritan lan egiten duten ikertzaile bikainak prestatuko eta gainbegiratuko dituzte, baita kalitate handiko garapen profesionala sustatu ere. Era berean, finantzatutako ikertzaileek aukera bikaina izanen dute sareak zabaltzeko, jakintza partekatzeko, eta, finean, abangoardiako ikerketetan jarraitzeko, bai eta sormena eta enpresa-espiritua bultzatzeko ere. Etengabeko ikaskuntza du lehentasunetako bat 2023ko Gaitasunen Europako Urteak, zeinaren ardatza baita pertsonei laguntza eskaintzea, kalitatezko enpleguetarako gaitasun egokiak eskuratu ahal izan ditzaten.

Sarean eskuratzen ahal da informazio gehiago 2023ko COFUND deialdiaren gainean, eta esteka honetan ikusiko duzu hautagaitza nola aurkeztu.