Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari nagusiak inauguratu du jardunaldia, eta zaintzaren erronkei heltzeko balio izan du, bai eta Nafarroan garatuko diren jarduketak aurkezteko ere.
Iruñean jardunaldi bat egin da T·IA·KI Europako proiektua aurkezteko; Navarrabiomedek antolatu du, mugaz gaindiko ekimen horren partzuergoaren bileraren esparruan. Proiektuaren helburua da zaintzaileendako konponbide berritzaileak bultzatzea.
Nafarroako Gobernuko Osasuneko zuzendari nagusi Antonio Lópezek inauguratu du topaketa, eta erakunde bazkideak, profesionalak, elkarteak eta familiak bildu ditu. Lópezek nabarmendu duenez, «gizarte-erronka handiek mugak gainditzen dituzte, eta erakundeen, profesionalen, entitateen eta herritarren arteko lankidetza sendoa behar dute konponbide erabilgarri eta jasangarriak eraikitzeko». Era berean, azpimarratu du zaintza-lanak egiten dituztenei aitortza egiteko eta laguntzeko beharra, eta oroitarazi du «zaintzak ere laguntza behar duela».
T·IA·KI Nafarroan
Jardunaldian, aurkeztu dute zer jarduketa eginen diren Nafarroan T·IA·KI proiektuaren barrenean. Lana Alicia Alonsok koordinatuko du —zeina baita Navarrabiomedeko Ariketa Fisikoaren, Osasunaren, Metabolismoaren eta Gaitasun Funtzionalaren Unitateko ikertzailea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduko dekanordea—, eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioarekin (NOU), elkarteekin eta familiekin lankidetzan eginen da.
Nafarroaren parte-hartzeak oinarri izanen du desgaitasuna duten haurrendako ariketa fisikoko programak diseinatzea, balioztatzea eta ezartzea, bai eta haien eguneroko bizitza erraztuko duten baliabideak eta tresnak garatzea ere. Helburua da zaintzaileei babesa ematea, haien zereginak eskatzen baititu denbora, ezagutza eta lagun egitea, eta, aldi berean, zaintza horiek behar dituzten haurren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzea.
Jardunaldiak, gainera, elkarrizketa-gune bat sortzeko balio izan du sektore soziosanitarioaren, ikertzaileen eta parte hartzen duten erakundeen eta familien artean. Haien ekarpenek lagunduko dute aurreikusitako jarduketak zehazten eta proiektuaren hartzaileen benetako beharretara egokitzen.
Halaber, eguneko une nagusietako bat izan da Sergio Aguileraren hitzaldia: NOUko neuropediatra eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartu asistentziala da, eta mintzatu da desgaitasuna duten haurren familiek egunero izaten dituzten erronkei buruz. Adituak oroitarazi duenez, osasun-arretaz haratago, familia-ingurunea da zaintzaren funtsezko zutabea; hori dela eta, azpimarratu du ezinbestekoa dela haien eguneroko lana babesteko eta laguntzeko ekimen berritzaileak bultzatzea.
Eraldatzea helburu duen Europako proiektua
T·IA·KI mugaz gaindiko lankidetza-ekimen bat da, Espainiaren eta Frantziaren arteko sare estrategikoa artikulatzen duena zaintzaileei ematen zaien laguntza hobetzeko. Partzuergoak —honako hauen garapenaren bidez: baliabideak, tresna digitalak, eta profesionalen, ikertzaileen, elkarteen eta familien arteko lankidetza-guneak— biltzen ditu mugaren bi aldeetako ikerketan, osasunean, berrikuntza teknologikoan, desgaitasunean eta arreta soziosanitarioan espezializatutako erakundeak.
Proiektuak honako hauek uztartuko ditu: benetako beharrak identifikatzea; baliabide praktikoak eta prestakuntzakoak sortzea; eta erakundeen, profesionalen, ikertzaileen eta familien arteko lankidetza-sare bat eraikitzea. Mugarri nagusien artean dago plataforma digital bat sortzea; plataforma horrek laguntza-edukiak eta baliabideak eskainiko ditu zaintza-lanak errazteko eta profesionalekiko nahiz zerbitzuekiko lotura indartzeko.
Proiektua 2026tik 2028ra bitartean garatuko da, eta Europar Batasunak % 65eko finantzazioa emanen du Espainia-Frantzia-Andorra Interreg VI-A programaren bidez (POCTEFA 2021-2027). Programa horren helburua da mugaz gaindiko lankidetzaren bidez muga inguruko lurraldeen integrazio ekonomiko eta soziala indartzea.