Europako Batzordeak zazpi herrialde hauei dagozkien NPBren plan estrategikoen lehen sorta onartu du: Danimarka, Espainia, Finlandia, Frantzia, Irlanda, Polonia eta Portugal. Aurrerapauso handia da Nekazaritza Politika Erkide (NPE) berriaren aplikazioan. NPE berria halako moduan prestatu da, non Europako nekazaritza sektore jasangarriago, erresilienteago eta modernoago bateranzko trantsizioa eratzen duen. Politika eraberrituaren esparruan, finantzaketa modu bidezkoagoan banatuko da familiako ustiategi txiki eta ertainen artean, baita nekazari gazteen artean ere. Gainera, laguntza emanen zaie berrikuntzak ezar ditzaten, hala nola doitasunezko nekazaritza eta nekazaritza ekologikoko ekoizpen metodoak. Eremu horietan eta beste batzuetan neurri zehatzei eusten dienez, NPE berria Europar Batasuneko elikadura segurtasunaren eta nekazaritza komunitateen oinarria izan daiteke.

NPE berriak lan egiteko modu efizienteagoa eta eraginkorragoa jasotzen du. EBko herrialdeek NPEren plan estrategiko nazionalak aplikatuko dituzte, errentarako laguntza gisa ematen den finantzaketa eta merkatuko eta landa garapeneko neurriak uztartuko dituztenak. NPEren plan estrategikoa prestatzean, estatu kide bakoitzak esku-hartze batzuk hautatu ditu EB mailako esku-hartzeen sorta zabal batetik, eta esku-hartze horiek egokitu eta bideratu ditu bere behar espezifikoei eta tokiko baldintzei erantzuteko. Batzordeak ebaluatu du plan bakoitza oinarritzen den NPEren funtsezko hamar helburuetan, horiek ingurumen, gizarte eta ekonomia erronka komunei heltzen baitiete. Beraz, planak EBko zuzenbidera egokituko dira, eta Batasunaren klima eta ingurumen helburuak lortzen lagundu beharko dute, baita animalien ongizatearen arloan ere, Batzordearen «Baserritik mahaira» estrategian eta biodibertsitateari buruzkoetan ezartzen den bezala.

Gehiago irakurri