Goi bilera irailaren 29tik urriaren 2ra izanen da, Bilbon, eta 150 gazte baino gehiago bilduko ditu.
Europako Batzordeak iragarri berri du Bilbon eginen dela Gazteen Europako Goi Bileraren – European Youth Summit (EYS)– Euskal Autonomia Erkidegoko lehen ekitaldia, eta horrekin batera, izena emateko epea hilabete honen 29ra arte egonen dela zabalik. EYS gazteek gazteentzat antolatutako jarduera da. Lau egunez, 18 eta 30 urte bitarteko parte-hartzaileak hartuko ditu, adituekin batera Europar Batasunaren orainaldiari eta etorkizunari buruzko ideia berriak azaldu, eztabaidatu eta proposa ditzaten.
Hautatutako 6 gaien artean daude, besteak beste, trantsizio ekologikoa, emantzipazioa, langabezia eta identitate europarra. Lanaren eragina handitzeko, ekitaldiarekin batera prestakuntza tailerrak eginen dira, gutxieneko jakintzak eskainiko dituztenak politiken sustapenaren eta eragin publikoaren eremuan.
Izena emateko modua
Ekitaldian parte hartzeko izena emateko epea abuztuaren 29ra arte egonen da zabalik. Informazio guztia eskuragarri dago webgune ofizialean: https://europeanyouthsummit.eu/ eta Instagram, Twitter eta Facebook-eko kontuetan.