«Lehiakortasuna eta hornidura-kateak» jardunaldian, multinazional handien eta Europako erakundeen ordezkariak bildu dira, aztertu asmoz erosketa-irizpideak nola aldatzen ari diren eta enpresek zer egin behar duten hornitzaile gisa posizionatzeko.

Nafarroako Nazioarteko Planak eta WEConnect International eta Adapta Integra Comercio Internacional erakundeek antolatu dute jardunaldia , Enarez, CEN eta AIN erakundeen laguntzarekin, eta Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak lagundu du diruz, Europar Batasuneko Politikak eta Estrategiak Hedatzeko Laguntzen lerroaren bidez. Jardunaldian parte hartu du, halaber, Europe Direct Navarra-Nafarroa proiektuak. EB ezagutaraztea helburu duen proiektua da, kasu honetan ere, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak bultzatzen duena.

Konpainia handiak aldatzen ari dira beren hornidura-kateak eta hornitzaileak hautatzeko erabiltzen dituzten irizpideak. Hala, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira jasangarritasuna, trazabilitatea, arriskuen kudeaketa eta egokitzeko gaitasuna, baina, aldi berean, aukera berriak sortzen ari dira aurrea hartzen eta eskakizun horiei erantzuteko prestatzen asmatzen duten ETEentzat.

Hain zuzen, horixe izan da Nafarroako Industriaren Elkartean (AIN) ostiral honetan egin den «Lehiakortasuna eta hornidura-kateak» jardunaldiaren mezu nagusietako bat. Bertan parte hartu dute Accenture, Bayer, DuPont, EURADA, AERCE, WEConnect International eta Enterprise Europe Network erakundeetako ordezkariek.

Nafarroako Nazioarteko Planak eta WEConnect International eta Adapta Integra Comercio Internacional erakundeek antolatu dute jardunaldia, Enarez, CEN eta AIN erakundeen laguntzarekin, eta Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak lagundu du diruz.

Multinazionalek hornitzaile prestatuak bilatzen dituzte, eta ETEei laguntzeko prest daude
Peter Zerp Bezeroen Programa Globaleko hornitzaileen inklusio eta dibertsitaterako kudeatzailea da Accenturen. Nabarmendu du garrantzitsua dela hornitzaile potentzialekin etengabeko harremana izatea, haien gaitasunak ezagutzea eta negozio-aukera berriak eskuratzeko prestatzen laguntzea.
Enpresak prestakuntza- eta mentoretza-programak egiten ditu ETEentzat, baldintza bereziak eskaintzen dizkie (adibidez, ordainketa-epeak hobetzea), eta lankidetzan aritzen da WEConnect International-en gisako erakundeekin, bezeroen beharrei erantzuten ahal dieten enpresak aurkitzen.
Bestalde, Bayer enpresako Susanna Balaguer-ek azaldu du ezen, gaur egun, gizarte-, ingurumen- eta trazabilitate-eskakizunak baldintzatzen ari direla hornitzaileen ebaluazio-prozesuak. Azpimarratu duenez, eskakizun horietako asko Europako araudietatik datoz, eta adierazi du, arau horiek aplikatzeko orduan, kontuan izan behar direla enpresa txiki eta ertainen ezaugarriak, bazterturik gera ez daitezen.
DuPont-eko Lorena Gilek, bere aldetik, adierazi du automobilgintzaren moduko sektoreek gero eta hornidura-kate jasangarriagoak eskatzen dituztela, eta, ondorioz, beharrezkoa dela hornitzaileen ezaugarri batzuen berri izatea (adibidez, karbono-aztarna). Konpainia ebaluazio-galdetegiak sinplifikatzen ari da, enpresa txikiagoei parte hartzeko aukera eman ahal izateko.

Erosketa-erabakiei aurrea hartzea, lehiakortasuna hobetzen duen abantaila
AERCEko presidenteorde Miquel Piñera-k gogora elkarri du pandemia inflexio-puntua izan zela hornidura-kateak kudeatzeko moduan, eta, harrez geroztik, etengabe izan direla gorabeherak hornidura-kateetan. Hala, hausnarketa bereziki garrantzitsua egin du: konpainiek erosketak berrikusten dituztenean agertzen dira aukerak, baina enpresek prest egon behar dute, une hori iritsi baino lehen.

Europak lehiakorrago izan eta hazten lagundu nahi die enpresei
EURADA enpresako Jade M. Connoly-k azaldu du hainbat ekimen daudela martxan Europan barne-merkatuaren zatiketa gainditzeko, finantzaketa lortzeko moduak errazteko eta industria-lehiakortasuna areagotzeko.
Letta eta Draghi txostenak abiapuntu harturik, Europar Batasunak dituen erronketako batzuk azaldu ditu, bai eta enpresek izan ditzaketen aukera berriak ere, hartarako, finantzaketa-tresna berriak, merkataritza-akordioak eta berrikuntzari laguntzeko programak baliatuz.
Testuinguru horretan, Enterprise Europe Network-en Nafarroako ordezkari Idoia Francok azaldu du zer zerbitzu eskaintzen dituen Europako sare horrek, bazkideak bilatzeko, nazioartekotzeko, berrikuntzarako eta finantzaketa lortzeko.
Jardunaldian parte hartu du, halaber, WEConnect International erakundeko Valeria Rodríguez Felgueras-ek. Elkarrizketa-mahai bat eta networking-guneak ere izan dira jardunaldian, enpresen artean esperientziak trukatzeko eta lankidetzan aritzeko.
Topaketa horietan, agerian geratu da agerian geratu da , produktu lehiakor bat baino zerbait gehiago behar dela nazioarteko hornidura-kateetara iritsi ahal izateko: gero eta garrantzitsuagoa da erosleen beharrak ezagutzea, haien eskakizunei aurrea hartzea eta konfiantzazko harremanak eraikitzea.