Europako Gobernuak Frontex indartzen jarraitzeko asmoa du, kanpoko mugak babesteko duen gaitasuna areagotzeko eta migratzaileak jatorrizko herrialdeetara itzultzeko lanean EBko eragile nagusi bihurtzeko.
EBk aurrerapauso nabarmenak egin ditu migrazio arloan: batetik, azken bi urteotan erdira baino gehiagora murriztu dira mugak legez kanpo gurutzatzeko saiakerak eta, bestetik, handitu egin da jatorrizko herrialdeetara itzularazitako migratzaileen tasa (% 30etik gorakoa da gaur egun). Hala ere, kanpoko muga komunak presiopean daude, testuinguru geopolitikoagatik eta segurtasun-testuinguruagatik; izan ere, hainbat aldaketa gertatu dira, eta beharrezkoa da Europak erantzun irmoagoa eta eraginkorragoa ematea.
Frontexek funtsezko zeregina betetzen du, jadanik, estatu kideei Europako kanpo-mugak kudeatzen eta Schengen eremua babesten lagunduz. Arau berriak zeregin horretan oinarrituko dira, hain zuzen, eta are gehiago indartuko dituzte agentziaren eskumenak. Hala, arau berrien bidez, azkarrago eta eraginkortasun handiagoz jardun ahal izanen du Frontexek, eta, ondorioz, estatu kideei lagunduko die beren tresnak eta zerbitzuak erabat aprobetxatzen. Besteak beste, hauek izanen dira berrikuntza nagusiak: gorputz iraunkor indartu bat, Mugen eta Itzulketen Europako Erreserba berri bat, krisi-egoeretan esku hartzeko erreakzio azkarreko indar bat eta gure mugetan egon daitezkeen mehatxuak goiz detektatzeko lineako zaintza-zentro berri bat. Frontexek Itzulketen Koordinazio Zentro espezifiko bat izanen du, eta, hemendik aurrera, aukera izanen du itzulketak hirugarren herrialdeetatik egiten laguntzeko.
Itzulketak azkarrago egiteko modua
Halaber, EBk itzulketa arloan onetsitako arau berriak praktikan jarri ahal izateko, itzultzeko, berriz onartzeko eta gizarteratzeko prozesuak digitalizatzeko erregelamendu bat ere proposatzen du Batzordeak. Modu horretan, errazago eta azkarrago egin ahal izanen dira itzulketak EB osoan; izan ere, murriztu eginen dute prozedura horien karga administratiboa eta interfaze digital bakar bat erabiliko da itzultzeko prozesu osorako.
Frontex indartzeko eta, bereziki, itzulketak azkartzeko gaur egin diren proposamenek bete egiten dituzte Von der Leyen presidenteakBatasunaren egoerari buruzko aurtengo hitzaldian berretsi dituen 2024-2029rako orientabide politikoetan iragarritako konpromisoak.
Frontex erregelamendu berria
Estatu kideek dute erantzukizun nagusia mugak babesteko eta egonaldi-eskubiderik ez duten pertsonak itzultzeko. Gaurko proposamena ikuspegi osokoa da, eta, hala, Frontexek erantzukizun hori betetzen lagunduko die estatu kideei: Frontexek azkarrago egin ahal izanen die aurre suertaturiko erronkei, eta laguntza pertsonalizatua eman ahal izanen die estatu kideei, behar duten garaian eta lekuan.
Erregelamenduak hiru lehentasun finkatzen ditu:
1.Baliabide eta gaitasun operatiboak bateratzea.
2.Itzulketa arloan eraginkorrago izatea
3.Krisiei erantzun eraginkorra ematea
Hurrengo etapak
Orain, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak akordioa egin beharko dute proposamenaren inguruan. Batzordeak laguntza emanen die bi erakunde legegileei, bi erregelamenduen negoziazioek aurrera egin dezaten.
Informazio gehiago