ADItech-ek antolatu eta Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak finantzatutako jardunaldi horretan, hainbat enpresa, startup eta SINAIko eragile elkartu dira.

NEXUS – Where Navarra Meets Europe foroaren bosgarren edizioa gaur egin da Iruñeko Tres Reyes Hotelean. Nafarroa eta Europa hurbiltzen dituen topaketa hori ADItech Nafarroako I+G+B Sistemaren (SINAI) koordinatzaileak antolatzen du, eta Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak finantzatzen.

Jardunaldi horrek Nafarroako I+G+B sistemako hainbat enpresa, startup eta eragile bildu ditu, aztertzeko nazioarteko lankidetza-aukerak, Europako lankidetza-elkarteen eboluzioa, eta etorkizuneko FP10 Esparru Programaren gakoak (programa hori EBren hamargarren ikerketa- eta berrikuntza-plana da).

Topaketak agerian utzi du Europa ziklo berri batean dagoela, eta bertan garrantzitsuak direla lehiakortasuna, inpaktua eragiteko gaitasuna eta ikerketaren, teknologiaren eta merkatuaren arteko konexioa. Testuinguru horretan, etorkizuneko FP10 programa –zeinak 2028tik aurrera jarraipena emanen baitio Horizonte Europari– aukera ona da Nafarroarentzat, nazioartean duen tokia indartzeko eta bere zientzia-, teknologia- eta enpresa-sarea Europako lehentasun berrietarako prestatzeko.

Europako 442 proiektu

Jardunaldiaren hasieran, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusi Sergio Pérezek ongietorria eman die bertaratutakoei. “Nafarroak 2021-2025 bitartean Europako eta nazioarteko 442 proiektutan parte hartu izana eta 289 eskualderekin lankidetzan aritu izana ez da kasualitatea. Enpresen, I+G+B zentroen, unibertsitateen eta Administrazioaren arteko auzolanaren emaitza da. Europan Nafarroa gehiago eta Nafarroan Europa gehiago egotearen aldeko apustuaren emaitza da”, adierazi du.

Haren ondoren, ADItech-eko zuzendari nagusi Diego Garridok hasiera eman dio topaketari, eta NEXUSen garrantzia azpimarratu du, konexio-espazio bat baita, Nafarroako zientzia-, teknologia- eta enpresa-sarea eta Europak berrikuntzaren arloan dituen lehentasun handiak lotzen dituena.

Ondoren, ADItech-eko Nazioarteko Proiekzioaren arduradun Ángela Ustárrozek Horizonte Redes ekimena aurkeztu du, bai eta ekimen horrek nola laguntzen dion Nafarroari Europako sare eta lankidetza-elkarteetan parte hartzen. Gainera, etorkizuneko FP10 programak ekarriko dituen aldaketa nagusiak azpimarratu ditu, horiek markatuko baitute Europako aukera berriak eskuratu ahal izateko bidea, datorren urteetan: proiektuen kudeaketa sinpleagoa; Europaren, estatuen eta eskualdeen arteko lankidetza-ereduaren bilakaera; eremu zibila eta defentsa-eremua lotzen dituzten erabilera bikoitzeko teknologien protagonismo gero eta handiagoa; ikuspuntu berriak proiektuak ebaluatzeko, adimen artifizialaren eta partzuergoekiko zuzeneko interakzioaren presentzia handiagoarekin.

Nexus 2026 programaren eduki nagusietako bat “Europako Sareak eta Lankidetza Elkarteak” izeneko mahai-ingurua izan da. Bertan, Horizonte Europari lotutako ekimenen ordezkariek datozen urteetako lehentasun, aukera eta erronkei buruzko ikuspegiak partekatu dituzte. Mahai-inguru horretan parte hartu dute Geraldine Joanny-k (Innovative Health Innitiative, IHI), Eva Schillinger-ek (Innovative Advanced Materials Innitiative, IAM-I); Elena Bonvecchio-k (Batteries European Partnership Association, BEPA); eta Estatuko Ikerketa Agentziako (AEI) Juan Climent doktoreak.

Hizlariek, beren hitzaldietan, Europako lankidetza-elkarteek enpresei, startup-ei eta SINAIko eragileei eskain diezazkieketen aukerak aztertu dituzte, eta aipatu dute garrantzitsua dela espazio horietan modu estrategikoan parte hartzea, lehentasunak aurreikusteko, nazioarteko aliantzak sortzeko eta etorkizuneko deialdietan parte hartzeko.

Europako proiektu baten kasu praktikoa

Nexus 2026k kasu praktiko bat ere aurkeztu du: Nafarroako enpresa batek nola parte hartu duen Europako proiektu batean.  ISANATUReko Manuel Románek UP4Health proiektua aurkeztu du, zeina CBE JUren deialdi baten bidez finantzatu baita, eta ETE horrek Europako partzuergo batean izan duen esperientzia partekatu du, eta erakutsi du nola sar daitezkeen Nafarroako enpresak balio erantsi handiko nazioarteko ekimenetan.

Kafearen ondoren, Europako I+G+B arloko politikaren etorkizuna izan dute ardatz, FP10 programari buruzko saio batean (2028-2034 aldirako Europar Batasunaren hurrengo esparru-programa). Europako Batzordeak proposatu du Horizonte Europari 175.000 milioi euro ematea, Europak berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzeko duen gaitasuna indartzeko.

Testuinguru horretan, Zabala, BeePlanet, Lurederra eta CDTI-ren ordezkariek programa berriaren aukerak eta haren orientazio posibleak aztertu dituzte, bai eta zer inplikazio dituen ere etorkizuneko deialdietan parte hartu nahi duten Nafarroako entiateentzat.

Saioa zuzendu du Europako Proiektuen Bulegoko zuzendari Silvia Ojer-ek, eta balio izan du, orobat, Horizonte Europa 2021-2027 programaren emaitzak testuinguruan kokatzeko, eta hausnartzeko nola prestatu daitekeen Nafarroa Europako finantzaketa-ziklo berrirako. Galderetarako tartearen ondoren, Europako Proiektuen Bulegoko zuzendariak amaiera eman dio ekitaldiari.

Networking espazioa

Jardunaldia networking espazio batekin eta aperitibo batekin bukatu da. Horrela, bertaratutakoek, hizlariek eta entitate parte-hartzaileek aukera izan dute euren artean harremanetan jartzeko eta Europan lankidetza-bide berriak aztertzeko, Nafarroako I+G+B ekosistemarako.

Informazio gehiago