Europarren % 95en ustez, nekazaritza eta herriak garrantzitsuak dira Europaren etorkizunerako eta, % 93ren ustez, funtsezkoa da EBrendako elikagai-hornidura egonkorra bermatzea.
Eurobarometroaren azken inkestaren arabera, Europako herritarren % 95ek uste du nekazaritza eta landa-eremuak garrantzitsuak direla Europaren etorkizunerako; % 93ren iritziz, berriz, funtsezkoa da EBrendako elikagai-hornidura egonkorra bermatzea. Europarren ehuneko are handiago batek uste du EBko Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) bere lehentasunak betetzen ari dela. Kontsumo-ohiturei dagokienez, elikagaien kalitatea eta jatorria dira europarrendako alderdirik garrantzitsuenak.
EBko nekazaritza-politikaren emaitzak
Nekazaritzaren garrantzi estrategikoa gero eta gehiago aitortzearekin batera, babes zabala lortu du NPBk. Europarren % 70en ustez, politika horrek europar guztiei egiten die mesede, eta gehiengo zabal batek nabarmentzen ditu haren lorpenak: une oro EBn elikagai-hornidura egonkorra bermatzea (% 93), kontsumitzaileendako elikagai-prezio arrazoizkoak eta baliabide naturalen kudeaketa jasangarria ziurtatzea (% 92), eta nekazariek elikakatean duten zeregina indartzea (% 91). Gainera, % 85 inguruk uste du nekazaritzaren lehiakortasuna handitzea NPBren lehentasun garrantzitsua dela.
Inkestan parte hartu duten hiru lagunetik bik baino gehiagok uste dute NPB emaitza onak ematen ari dela ingurumena babesteari eta klima-aldaketari aurre egiteari dagokienez.
Inkestatuen gehiengoak uste du elikadura-segurtasuna handitu egin dela edo egonkor mantendu dela azken hamar urteetan. Dena den,
Dena den, hamarretik bederatzik baino gehiagok aitortzen dute muturreko fenomeno meteorologikoek elikadura-segurtasunean eta elikagaien horniduran eragina izan dezaketela.
Elikagaien jatorria
Lehen aldiz, elikagaiak erosterakoan EBko jatorriari zer garrantzi ematen dioten ere galdetu zaie inkestatuei. Europako hamar herritarretik ia zortziren ustez, faktore garrantzitsua edo oso garrantzitsua da hori.
Hamarretik ia bederatzik adierazi dute, zer erosi erabakitzerakoan, faktore hauek ere erabakigarriak direla: produktuak hornidura-kate labur batekoak izatea, ekoizpena ingurumenaren eta animalien ongizatearen arloko arau zorrotzagoetara egokitzea, eta kalitate-etiketak.
Oro har, kalitatea eta jatorria herritarrendako giltzarri dira elikagaiak erosteko garaian. Oinarri horretatik abiatuta, Batzordeak «Europako elikagaiak» kanpaina berria jarriko du abian, Ursula von der Leyen presidenteak Batasunaren egoerari buruz iaz egindako hitzaldian iragarri bezala.
Azkenik, merkataritzari dagokionez, herritarrek EBren merkataritza-akordioak ongi baloratzen jarraitzen dute. Haien ustez, akordio horiek merkatuen dibertsifikazioa eta nekazaritzako elikagaien hornidura bermatzen dituzte EBn, mundu osora bultzatzen dituzte EBko nekazaritzako elikagaien esportazioak, eta EBko lan- eta ingurumen-arauak —animalien ongizatea barne— sustatzen dituzte beste herrialde batzuetako nekazaritza-ekoizpenean. Aldi berean, europarrek espero dute EBra sartzen diren elikagaiek arau zorrotzak betetzea.
Nekazaritzaren etorkizunari begira
Inkestatuen ustez, kalitate handiko elikagai seguruz, osasungarriz eta jasangarriz hornitzea da EBko nekazaritza-politikaren eta landa-garapenaren helburu nagusia. Europarren erdiak baino gehiagok etorkizuneko lehentasun giltzarri gisa aipatzen dituzte kontsumitzaileendako elikagai-prezio arrazoizkoak bermatzea (% 55) eta nekazarien bizi-maila bidezkoa ziurtatzea (% 53). Beste lehentasun batzuk dira EBn elikagai-hornidura egonkorra bermatzea (% 50), ingurumena babestea eta klima-aldaketari aurre egitea (% 47), elikagaiak ekoizteko modu jasangarria bermatzea (% 46) eta landa-eremuetan hazkundea eta enplegua sortzea (% 45).
«Elikaduraren eta nekazaritzaren ikuspegiak» jada lehentasun horiei heldu nahi die, eta horien artean daude nekazarien diru-sarrera bidezkoak, ekoizpen jasangarria eta landa-eremuetako gazteendako aukerak sortzea. Batzordeak hurrengo NPBrako egin duen proposamenak ere gai horiei heltzea du helburu. Besteak beste, nekazarien diru-sarrerendako laguntzen gutxieneko zenbateko bat proposatzen du, eta zenbateko hori Nazio eta Eskualdeko Lankidetza Funtsaren barrenean gordeko da. Horrela, nekazariek EBren aurrekontuaren kontura Nekazaritza Politika Bateratuaren esparruan jasotzen dituzten laguntzek aurreikusgarriak eta egonkorrak izaten jarraituko dute.