Herritarren % 92k diote haur eta nerabeen babesa indartu behar dela Interneten.

Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek iragarri zuen, Europar Batasunaren egoerari buruzko osoko bilkuran (irailaren 16an egin zen, Europako Parlamentuaren egoitzan, Estrasburgon), EBk sare sozialak erabiltzea debekatu eginen diela Europako 16 urteko biztanleei. 13 eta 15 urte bitarteko nerabeek gurasoek kontrolatutako kontuak soilik eskuratzen ahalko dituzte, eta, 18 urte bete arte, adikzioa sor dezaketen diseinurik ez duten plataformetara soilik sartzen ahalko dira.

Von der Leyenek honako hau nabarmendu zuen: “Europak badu jarduteko gaitasuna. Guk geuk erabakitzen ditugu gure arauak, ez enpresa teknologiko handiek”.

Adibide triste bat aipatu du: Belgikako neska nerabe batek bere buruaz beste egin zuen sare sozialetan jasandako jazarpenagatik. Bere diskurtsoa indartzeko, uztaileko Eurobarometroaren KIDS Legeari buruzko emaitzak aipatu zituen. Inkesta horren arabera, europarren % 92k eskatzen dute haur eta nerabeen babesa indartzea.

Ziberjazarpenarekiko kezka

Kontsulta beraren arabera, % 70 inguru kezkatuta daude ziberjazarpenarekin, jazarpenarekin eta adingabeak sexu-xedeetarako erakartzearekin. Eta beste datu deigarri bat dago: Europako gazteek batez beste 4-6 ordu igarotzen dituzte egunean pantailen aurrean. 10 urte bete aurretik sare sozialak erabiltzen hasi zirenen kasuan, are ordu gehiago. Interneten 7-8 ordu igarotzen dituzte egunero. Hori heldu baten ia lanaldi osoa da.

Von der Leyenen hitzen arabera: “Haur gehiegi goizegi hurbiltzen dira onlineko mundura, eta horretarako ez daude prestatuta. Ingurune birtualean, gainera, jazarpena zure etxeraino bertaraino irits daiteke. Eta errore bat betiko gera daiteke erregistraturik. Haurtzaroan eta pubertaroan, hain zuzen ere, akatsak egiten dira, horietatik ikasteko eta hobetzeko”.

Europako liderrak zehaztu zuenez, teknologia horietan haurrak iruzurren eta harraparien jomuga izan daitezke: “Gaur egun, gure seme-alabek inoiz sortutako teknologia sofistikatuenetako batzuekin elkarreragiten dute. Eta ez ziren sortu haurren ongizatea eta garapena babesteko”.

Von der Leyenen esanetan, sendo frogatu da sare sozialak kaltegarriak direla garabidean dauden haurrentzat.

Informazio gehiago