Europako Batzordeak proposatu du gaur elkarrizketak hastea Eurojusten eta zortzi hirugarren herrialderen artean lankidetza-hitzarmenak ezartzeko, auzitegiak eta fiskalak elkarlanean eta estuki aritu daitezen delinkuentzia antolatu larriaren aurka, narkotrafikoa, ziberdelinkuentzia eta diru-zuriketa barne. Ekimena Eurojusten mandatua berrikusteko proposamenaren esparruan kokatzen da, zeinaren helburua baita Agentziaren eta nazioarteko bazkideen arteko lankidetza indartzea, mugaz haraindiko delitu-mehatxu gorakorrei erantzuteko.

Hitzarmenak sinatuz gero, lankidetza-harremanak ezarriko lirateke Bolivia, Kanada, Txile, Costa Rica, Ekuador, Panama, Peru eta Arabiar Emirerri Batuekin.

Eurojustek eta herrialde elkartuek informazio operatiboa partekatu lezakete, EBko estatu kideekin batera egiten diren ikerketak babestu, eta agintari judizialen arteko eguneroko lankidetza indartu.

Delito taldeak

Henna Virkkunen Subiranotasun Teknologikoaren, Segurtasunaren eta Demokraziaren lehendakariorde exekutiboak honako hau adierazi du: “Delitu-taldeek ongi dakite mugak zeharkatzen eta teknologia berriak baliatzen justiziari ihes egiteko. Herrialde asko lankidetzan aritzen bagara, delitugileek zailago izanen dute. Akordio horiek nabarmen handituko lukete gure irismena, delitugileek justiziaren aurrean erantzun dezaten”.

Michael McGrath Demokrazia, Justizia, Zuzenbide Estatu eta Kontsumitzaileen Babeseko komisarioaren hitzetan: “Delinkuentzia antolatu larria gero eta transnazionalagoa, sofistikatuagoa eta interkonektatuagoa da. Gure erantzunak, beraz, koordinatua eta interkonektatua izan behar du. Mugaz haraindi eta elkarrekin lan eginez gero, delitu-sareak desegin ahalko ditugu, eta narkotrafikoaren, ziberdelinkuentziaren eta diru-zuriketaren aurka borrokatu”.

Gaur egun, Eurojustek akordioak ditu hamasei herrialderekin: Armenia, Albania, Bosnia-Herzegovina, Georgia, Islandia, Libano, Liechtenstein, Moldavia, Montenegro, Ipar Mazedonia, Norvegia, Serbia, Suitza, Ukraina, Erresuma Batua eta Estatu Batuak. Akordio horiek guztiek sendoki babesten dituzte datu pertsonalak, pribatutasuna eta oinarrizko eskubideak, EBko zuzenbidearekin bat etorriz.

Batzordeak Kontseiluaren agindu bat ere badu, beste hamar hirugarren herrialderekin lankidetza-akordioak negoziatzeko: Aljeria, Argentina, Brasil, Kolonbia, Egipto, Israel, Jordania, Maroko, Tunisia eta Turkia.