Herritarrek irailaren 3tik urriaren 14ra bitartean bozkatu ahalko dute Eurovelo 1 bidean barna bizikletaren erabilera sustatzen duen ekimen honen alde. 11.000 kilometroko ibilbide atlantiko horrek Foru Komunitatea zeharkatzen du, eta Norvegia eta Portugal lotzen ditu.
Nafarroako Gobernua kide duen AtlanticOnBike proiektu europarraren ardatza da EuroVelo 1 Europako Kostalde Atlantikoko ibilbidea helmuga turistiko gisa sustatzea eta garatzea. Ibilbide horrek Norvegia iparraldea eta Portugal lotzen ditu, guztira 11.000 kilometro egiten dituzten bizikleta-bideen bitartez (Nordkap-etik Viana do Casteloraino), eta Nafarroa zeharkatzen du, paisaia ederrak eta historia- eta ondare-aberastasun handia erakusten dituen ibilbide batean barna. Bidasoako bide berdetik sartzen da Nafarroara, eta Bera eta Doneztebe zeharkatu ondoren, Irurtzun eta Iruñea aldera jarraitzen du, eta, azkenik, Lizarra, Viana eta haren ingururaino iristen da. Bizikleta-ibilbide hau finalista gelditu da Regiostars sarietan. EBk finantzatutako azken urteetako proiektu garrantzitsuenek jasotzen dute sari hori.
Herri-bozketa
Proiektu irabazleak herri-bozketa baten bidez hautatuko dira, irailaren 3tik urriaren 14ko eguerdira bitartean. Saria emateko ekitaldia Eskualdeen eta Hirien Europako Astean izanen da, urriaren 14an, Bruselan.
DG REGIOk 2008tik urtero antolatzen dituen REGIOSTARS sariekin, EBren finantzaketa duten eta eskualdeen garapena bultzatzen duten proiektu nabarmenenak saritzen dira. Urteak joan ahala, sari horiek Europako bikaintasunaren etiketa bilakatu dira, eragin iraunkorra duten eta inklusioa bultzatzen duten ekimenen esparruan. REGIOSTARS sariak funtsezko bost eremutan ardazten dira, eta eremu horietako baikotzak EBren lehentasun bat irudikatzen du:
- 1: EUROPA LEHIAKOR ETA ADIMENDUNA
Lehiakortasuna, berrikuntza eta erresilientzia ekonomikoa sustatzea - 2: EUROPA BERDEA
Trantsizio ekologikoa: eskualde-garapenaren bideratzaile - 3: EUROPA KONEKTATUA
Eskualdeen arteko mugikortasuna eta konektibitatea hobetzea - 4: EUROPA SOZIAL ETA INKLUSIBOA
Europa inklusiboago bat lortzea, eskualdeetako talentua aprobetxatuz - 5: HERRITARRENGANDIK HURBILAGO DAGOEN EUROPA
Lurralde-mota guztien garapen jasangarria sustatzea
25 finalistak
Aurtengoan ere, lehiaketan aurkeztutako eskabideen kopuruak gora egin du, 274 aurkeztu baitira; inoiz baino gehiago. Lehenengo ebaluazio-txandaren ondoren, bost kategoria horietan nabarmendu diren 25 finalista hautatu ditu epaimahaiak.
Nola bozkatu?
REGIOSTARS sarien prozesua diseinatuta dago jendea inplikatzeko eta finalisten lorpenak ospatzeko. Aurreko urteetan bezala, jendeak bere finalista gustukoenaren alde bozkatu ahalko du People’s Choice Award-erako, sarien web-orrian, oraindik bozketa aktibatu gabe badago ere.
Finalista guztiak Bruselan bilduko dira urriaren 13an, Eskualdeen eta Hirien Europako Astean, epaimahaiaren ebaluazioko “azken txandan” parte hartzeko. Han, beren proiektuak
aurkeztuko dizkiete epaimahaiari eta bertaratu diren entzuleei. Hortxe izanen dute aukera beren lorpenak erakusteko, eta azaltzeko beren proiektuak zergatik merezi duen irabaztea.
Kategoria bakoitzeko irabazleak zein diren, bai eta People’s Choice Award sariaren irabazlea ere, REGIOSTARS ekitaldian jakinaraziko da, urriaren 14ko arratsaldean. Ekitaldi horrekin amaituko da Eskualdeen eta Hirien Europako Astea.
Sei herrialde; 4,6 milioi euro
AtlanticOnBike ekimena da Interreg Atlantic Areak 2014-2020 aldirako finantzatutako proiektu bat, eta haren helburua da Europan bizikletan oinarritutako helmuga turistiko jasangarri bat garatzea eta sustatzea. Ekimen horrek Eurovelo 1 ibilbidean zehar eskaintza turistiko bat garatu, egituratu eta sustatu nahi du, baita hartan parte hartu ere, lurraldean eta nazioz gaindi mozkin ekonomikoak sortzeko eta gainbegiratzeko.
Proiektuan Europako sei herrialdek parte hartu dute (Norvegia, Irlanda, Ingalaterra, Frantzia, Espainia eta Portugal), eskualdeetako bazkideekin, eta horien artean Nafarroa dago. Guztira, AtlanticOnBike proiektuak Europako hainbat lurraldetako 22 bazkide biltzen ditu. Proiektua gauzatzeko, 3,5 urte eta 4,6 milioi euro behar izan dira, eta % 75 Europak finantzatu du, Espazio Atlantikoa programaren barruan. AtlanticOnBike proiektuaren nazioarteko lorpenetako bat da Europan koordinazio-egitura bat antolatu eta ezarri duela, ibilbide hori garatu, indartu eta hobetzeko.
Proiektuaren mugarrietako bat eurovelo1spain.com web-ataria da, zeina zikloturista nazional eta atzerritarrei zuzentzen baitzaie. Nafarroako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak jarri du martxan, Errioxako Gobernuarekin lankidetzan. Atari horrek eskaintzen ditu mapak, etapak (desnibelak eta zailtasun mailak adierazita), gomendioak, GPX deskargak eta paisaia, ondare edo gastronomiagatik interesgarriak diren puntu garrantzitsuenei buruzko informazioa. Halaber, azalpen praktikoak eskaintzen ditu seinaleei eta bizikletaz ibiltzeko araudiari buruz, eta zikloturistendako bidaiak eta zerbitzuak eskaintzeko espazio ireki bat ere badu.
AtlanticOnBike proiektuari esker, txirrindulariendako zerbitzu espezializatuak mapatu dira, eta Nafarroako Eurovelo1 ibilbidearen behin betiko trazadura udalekin eta toki-entitateekin koordinatu da, bai eta haren erabilera monitorizatu ere, Donezteben eta Garesen kontagailuak jarriz. Jarduketa horietaz gain, besteak beste, inkesta kualitatiboak, proba pilotuak eta azterlanak egin dira, zikloturisten beharrak hobeto ezagutzeko.
Gainera, testuak eta irudiak egin dira Esterbauer gida ospetsurako, zikloturistek Nafarroa ezagutu dezaten. Gida horren argitalpenak bizikleta ibilbideei buruzko Europako erreferente nagusia dira, bai errepideetan, bai BTTetan ibiltzeko. Era berean, liburuxka batzuk egin dira, Nafarroako bide berdeei eta zikloturistendako zerbitzuei buruzko informazioa jasotzen dutenak, eta deskargatzeko materiala ere prestatu da.
Nafarroan elkartzen diren bi ibilbide handiak
Nafarroak zikloturismoaren erreferente izan nahi du estatuan eta nazioartean. Horregatik, garrantzitsua da bizikletaren erabilera mugikortasun jasangarriko elementu gisa sustatzen duten Europako proiektuetan parte hartzea.
Horrela, AtlanticOnBike proiektuko ekintzei gehitzen zaizkie Ederbidea mugaz gaindiko proiektuaren sentsibilizazio-jarduerak, hobekuntza-obrak eta bizikletendako espazio eta zerbitzuak sortzeko lanak, Bidasoatik Iruñeraino doan tartean. Eta horiei guztiei batzen zaie Bicimugi ekimena, zeinak bultzatuko baitu Nafarroa lotzea EuroVelo 3-rekin (erromesen ibilbidea) Orreagatik Vianaraino. Horrela, gure erkidegoan dauden Donejakue Bidearen mugarri nagusiak konektatuko dira. Ondorioz, Iruñeko eremua erdigune bilakatu da: bertan elkartzen dira Europako zikloturismoaren ardatz nagusi diren bi ibilbideak.