Hirugarren herrialdeek arau baliokideak bete beharko dituzte, eta ekoizpen eta kontrol arloko baldintza berezi gehigarriak errespetatu beharko dituzte.

Nekazaritza eta Landa Garapeneko Batzordeak produktu ekologikoen ekoizpen, etiketatze, ziurtapen eta merkataritzari buruzko EBko araudiaren aldaketa bat onetsi du, aldeko 37 botorekin, aurkako 4rekin eta 8 abstentziorekin. Aldaketa horrek berekin ekarriko du inportatutako produktu ekologikoek EBren zigilua erabili ahal izateko bete beharko dituzten baldintzak gogortzea.

Onetsitako testuaren arabera, EBren ekoizpen ekologikoaren logotipoa erabiltzen ahalko da hirugarren herrialdeetatik inportatutako produktuak etiketatzeko, aurkezteko eta haien publizitatea egiteko, betiere produktu horiek arau baliokideak betetzen badituzte eta ekoizpen eta kontrol arloko baldintza espezifiko gehigarriak errespetatzen badituzte.

Arau horien helburua da kontsumitzaileek elikagai ekologikoetan duten konfiantza hobetzea eta EBko eta EBtik kanpoko operadoreen arteko lehia leiala bermatzea. Araudia berrikusi da Europako Batzordeak arau horiek aldatzea proposatu ondoren, EBko Justizia Auzitegiaren (EBJA) 2024ko urriko epai baten ondorioz. Epai hori EBren egungo aitorpen sistemari atxikitako hirugarren herrialdeetatik datozen produktuek logotipo hori erabiltzeari buruzkoa da. 

Solteko salmenta txikia

Solteko produktu ekologikoak zuzenean kontsumitzaileei saltzen dizkieten operadore txikiak ziurtagiri ekologikoaren betekizunetatik salbuetsita daude gaur egun, baldin eta negozio bolumenean, salmenta bolumenean eta ziurtapen kostuetan oinarritutako irizpide jakin batzuk betetzen badituzte.

Prezio igoera berrien ondorioz, ekoizle horietako batzuek negozio bolumenaren atalasea gainditu dute, eta, horren ondorioz, horietako askok salbuespen horretarako eskubidea galdu dute. Eurodiputatuek erabaki dute urteko negozio bolumena 20.000 eurotik 25.000ra igotzea, eta salmenta bolumena, berriz, 5.000 kg-tik 10.000ra, salbuespenaren irismena handitzeko.

Informazio gehiago