Europako Batzordeak AAk sortutako edukiak markatu eta etiketatzeari buruzko behin betiko Jardunbide Egokien Kodea argitaratu zuen. Kodea borondatezkoa da, eta neurri praktikoak ezartzen ditu adimen artifizial sortzaileko (AA) sistemen hornitzaileei eta erabiltzaileei AAren Legearen gardentasun-betebeharrak betetzen laguntzeko. Betebehar horiek 2026ko abuztuaren 2an jarriko dira indarrean.
Data horretatik aurrera, AAren Legeak etiketatze argia eskatuko du funtsezko kasuetan. Interes publikoko gaiei buruz argitaratzen diren AAk sortutako edo manipulatutako deepfakeak eta testuak argi etiketatuta egon beharko dira. Erabiltzaileei ere informazioa eman beharko zaie AAko sistema interaktibo batekin elkarreragiten dutenean, hala nola chatbot batekin. Gardentasun-baldintza horiei esker, pertsonek jakin dezakete AAk noiz sortu edo aldatu duen edukia, eta, horrela, engainu- eta manipulazio-arriskua murrizten da.
Kodea sei aditu independentek egin zuten, eta 180 alderdi interesdunek baino gehiagok parte hartu zuten. Kolaboratzaileen artean sartu ziren adimen artifizialeko sistema eta eredu interaktibo eta sortzaileen hornitzaileak eta garatzaileak, garatzaileak ordezkatzen dituzten elkarteak, enpresa txiki eta ertainak, mundu akademikoa, sektore publikoa eta gizarte zibileko erakundeak.
Kodea irekita dago sinaduretarako. Batzordeak sinatzera gonbidatzen ditu hornitzaile eta operadore guztiak. Batzordeak eta AAko Kontseiluak kodea egokitzat onartu ondoren, sinatzen duten hornitzaile eta operadoreek frogatzen ahalko dute AAren Legean dagozkion betebeharrak betetzen dituztela. Betebehar horiek 2026ko abuztuaren 2an jarriko dira indarrean.
Kodea Batzordearen jarraibideekin osatuko da. Jarraibide horiek lege-betebeharren irismena argituko dute, eta kodean jaso gabeko alderdiak jorratuko dituzte. Praktikoak izanen dira, eta AAko hornitzaileei eta garatzaileei lagunduko diete gardentasun-eskakizunak betetzen.