Europaren Egunaren aldeko adierazpen instituzional bat onartu du, eta bertan, EBn partekatzen diren balio demokratikoak aldarrikatu ditu, “gerraren eta beste korronte batzuen zentzugabekeriaren aurrean”, inboluzioak planteatzen baitituzte.
Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzional bat onartu du gaurko bilkuran, larunbat honetan ospatuko den Europaren Egunaren harira. Adierazpenean, “eskualdeek Europako politiketan duten zeregina indartzeko” beharra aldarrikatu du, “erabakietan eskualdeen ikuspegia kontuan har dadin, espezifikotasunetik oparotasunari eta kohesioari lagunduko dion kogobernantza estrategiko batean”.
Horixe adierazi du Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak gobernu bilkuraren ondoko prentsaurrekoan. Horrekin batera, Europar Batasuneko estatu kideek partekatzen dituzten balio demokratikoei eustearen garrantzia defendatu du, “gerraren zentzugabekeriaren eta printzipio horietan inboluzioak eragiten dituzten eta demokraziaren oinarriak murrizten dituzten beste korronte batzuen aurrean”.
Nafarroako Gobernuaren adierazpen instituzionala, Europaren Eguna dela-eta
Hauxe da adierazpen instituzionalaren testua, hitzez hitz:
“Nafarroako Gobernuak bat egin nahi du, konbentzimenduz eta konpromisoz, Europaren Egunaren ospakizunarekin, urtero, maiatzaren 9an, Europa kohesionatu bat aldarrikatzen baita, aniztasunean eta bakean oinarritua.
Bi ideal horiek inoiz baino beharrezkoagoak dira gaur egun, sobera hurbil ditugun errealitateen aurrean: gerrak, gizarte-bidegabekeriak, indarraren inposizioa elkarrizketaren aurrean, eta gure herritarren eskubide eta askatasunak murrizteko mehatxuak.
Europaren sorrerako izpiritu hura aldarrikatzen dugu: “Aniztasunean batuta”.
Batasunean datza Europaren indarra, eta batasun horren oinarria partekatzen ditugun balio demokratikoak dira: oinarrizko giza eskubideen aldeko konpromisoa; prentsa aske eta independentearen babesa; zuzenbide-estatuaren defentsa; eta berdintasuna, bai emakume eta gizonen artean, bai landako eta hirietako biztanleen artean, eta gazte eta adinekoen artean, bakearen defentsa.
Europa horretan, zalantzarik gabe, ezinbestekoa da eskualdeek politika europarretan duten parte hartzea indartzea, eskualdeen ikuspegia kontuan hartu dadin erabakietan, eta kogobernantza estrategiko baten bidez eta eskualdeen berezitasunetatik abiatuz, oparotasuna eta kohesioa lor daitezen. Une oro subsidiariotasun printzipioa baliaraziz.
Une garrantzitsua da Europarentzat, eta eskualdeek eta toki-erakundeek, “Europako arima” garen aldetik, are gehiago parte hartu behar dugu Europako erakundeetan, hainbat arlotan ditugun erronkei aurre egiteko: gizarte-kohesioa, elikadura-burujabetza eta nekazaritza-ekoizpena, independentzia energetikoa, eraldaketa digitala, migrazioaren kudeaketa, genero-berdintasunaren aldeko borroka, politika berdeak eta gure lehiakortasuna handitzea.
Orain, 2028-2034 Urte Anitzeko Finantza Esparrua definitzeko une garrantzitsu batean gaude. Tresna horren inplikazio politikoak, baina, finantzaketatik haratago doaz, paradigma-aldaketa bat dakarrelako Europako funtsen egituran eta banaketan. Bada, beste foro eta abagune batzuetan irmoki egin dugun bezala, baztertu egiten dugu Europako Batzordeak hurrengo 2028-2034 Urte Anitzeko Finantza Esparrurako egin duen proposamena, bereziki nazio- eta eskualde-mailako lankidetza-plan deiturikoak sortzeari dagokionez. Gure ustez, ikuspegi horrek bide ematen du erabakiak estatu kideetan zentralizatzeko, haiek duten eskumen-antolamendua kaltetuz, eta lurralde-mailan egiten den baliabideen banaketari gardentasuna gutxitzeaz gain, gastu-lehentasunak definitzeko orduan eskualdeek duten ahalmena ahultzen du.
Horrek guztiak arriskuan jar lezake Europar Batasunaren kohesio-printzipioa eta garapen orekatua. Ez dugu nahi bi abiadurako Europa bat; aitzitik, Kohesioaren Europa baten alde egiten dugu, eta Europa hori eskualdeen partaidetzarekin eraiki behar da, lankidetzan.
Interes orokorra, guztien ongia, eta herritarren ongizatea eta aurrerabidea dira Europako demokraziek lortu nahi dugun gizarte-ereduaren oinarria. Baina, eredu hori bermatzeko, ezinbestekoak dira gizarte osoaren eta botere publikoen parte-hartzea, elkartasuna, sormena eta etengabeko ahalegina.
Gobernu honek legegintzaldi bereziki europazale batean berretsi du konpromiso instituzional hori, Nafarroak hiru burutza hartu baititu bere gain. Foru Komunitatea buru aritu zen Europan Automobilgintzako Eskualdeen Aliantzan (2023-2024), berriki Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa Euroeskualdeko burutza izan dugu (2024-2026) eta gaur egun Pirinioetako Lan Elkarteko buru gara (2025-2027). Eskualdeen Europan sinetsi eta parte hartzeaz gain, hura eraikitzen ari garelako.
Konpromiso europazale horren alde eta Europan ahotsa duen Nafarroa baten mesedetan, Nafarroako Gobernuak Europako V. Astea antolatu du; hala, hainbat gairi buruzko ekitaldiak eta jardunaldiak izanen dira, bai Nafarroan bai Bruselan.
Beraz, Nafarroako Gobernuak nafar herritarrak inplikatu nahi ditu, oso garrantzitsua delako Europa eraikitzeko proiektuan laguntzea, aurre egiteko bai gerraren zentzugabekeriari, bai eta aipatu printzipioetan eta demokraziaren oinarrietan atzera egitea dakarten bateko eta besteko joerei ere.
Europan Nafarroa gehiago nahi dugulako, eta Nafarroan Europa gehiago”.