Batzordeak esparru estrategiko berri bat onartu du EBn bioekonomia lehiakor eta jasangarria sustatzeko, Europako ekonomia garbi, lehiakor eta erresiliente bat lortzeko jarraitu beharreko bidea marrazten duena. EBk ekonomia zirkularrago eta deskarbonizatuago baterantz eginen du aurrera, eta erregai fosilen inportazioekiko mendekotasuna murrizten ahalko du lurretik eta itsasotik datozen baliabide biologiko berriztagarriak erabiltzeari esker eta oinarrizko lehengaien alternatiben bidez.
Bioekonomiak Europari erresilientzia indartzeko, jatorri fosileko materialak eta produktuak ordezteko, enplegua sortzeko eta industria garbietara aldatzeko munduko trantsizioaren buru izateko aukera emanen dio. Estrategia berri horren bidez, EBk irtenbide praktiko jasangarriak eskaintzen dituzten eta gure baliabide biologikoak erabiltzen dituzten ekintzak lagunduko ditu, honako sektore hauetan: nekazaritza, basogintza, arrantza, akuikultura, biomasaren eraldaketa, biofabrikazioa eta bioteknologiak. Baliabide horien potentzial izugarria, bikaintasun zientifikoa eta oinarri industriala aprobetxatuko dira, eta berrikuntza sustatuko da klimaren, naturaren eta gizartearen mesedetan.
EBko bioekonomiak 2,7 bilioi euroko balioa eta 17,1 milioi langile izan zituen 2023an (EBko lanpostuen % 8 inguru), eta dagoeneko ekarpen nabarmena egiten dio Europan enplegua sortzeari eta hazkunde ekonomikoari. Bioekonomiako lanpostu bakoitzak zeharkako beste hiru lanpostu sortzen ditu EBn. Bioekonomiako produktuak aipatzearren, algen bidez fabrikatzen diren jatorri biologikoko substantzia kimikoak ditugu, produktu farmazeutikoak, norberaren zaintzarako produktuak eta aplikazio industrialak ekoizteko erabiltzen direnak. Jatorri biologikoko plastikoak gero eta gehiago erabiltzen dira ontzietan eta automobilgintzako piezetan.
Jatorri biologikoko eraikuntza-produktuen, ehun-zuntzen eta ongarrien eskaria ere gero eta handiagoa da. Hala ere, ustiatu gabeko potentzial handia dago oraindik.
EBren bioekonomia estrategiaren helburua potentzial hori askatzea da, berrikuntza eta inbertsioak handitzearen, jatorri biologikoko material eta teknologietarako merkatu liderrak garatzearen, biomasaren hornidura jasangarria bermatzearen eta munduko aukerak aprobetxatzearen bidez.