Ingurumeneko Zuzendaritzak tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak (TEEH) biltzeko sustatutako Motxila 21, Alejo eta Pedro Razquin taldeen kontzertuak 2.691 kg hondakin biltzea lortu du; guztira 700 pertsonek eskuratu zituzten ostegun gauean Zentralen egin zen kontzerturako sarrerak.
Ekitaldia Hondakinen Prebentziorako Europako Astearekin bat eginez egin zen, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak Orekan-Nafarroako Ingurumen Kudeaketa erakundearekin batera abian jarri duen “¿Te acuerdas de mí?” izeneko kanpainaren parte da. Kanpaina horren helburua da herritarrak hondakin mota hori behar bezala kudeatzeak duen garrantziaz eta ingurumenean duen eraginaz kontzientziatzea.
Sarrerak TEEH baten truke eskuratzen ahal ziren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egoitzan, Orekan-en egoitzan eta Eroski hipermerkatuaren, E.Leclerc hipermerkatuaren eta Burlatako Kultur Etxearen ondoan dauden hiru garbiguneetan, bai eta Zentralen ere, kontzertuaren egunean bertan.
Ingurumeneko zuzendari nagusi Ana Bretañak eskerrak eman zizkien Iruñerriko Mankomunitateari eta Emausko Trapuketariei ekimena gauzatzen laguntzeagatik, baita herritarrei ere parte hartzeagatik eta egindako harrera onagatik. Halaber, eskerrak eman zizkien atzo kontzertura joan ziren eta hondakin horietako bat utzi zuten guztiei. Bretañak azpimarratu zuenez, “hondakin mota horien ingurumen-inpaktua oso handia da, beren osagai arriskutsuengatik eta lehengai kritikoengatik. Hortaz, funtsezkoa da behar bezala kudeatzea. Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako kanpainak abian jartzea, gai hori ikusarazteko eta hondakin horiek puntu egokietan uztearen garrantziaz kontzientziatzeko”.
Kanpaina asteburu honetan akituko da, eta sare sozialetan, hedabideetan, markesinetan eta Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoaren webgunean egon da ikusgai. Horrez gain, joan den igandean Kondestablearen Civivoxean familiei zuzendutako lantegiak ere egin ziren. Lantegietara 50 pertsona inguru bertaratu ziren, eta, antzara-jokoan oinarritutako proposamen ludiko baten bidez, TEEHak hobe ezagutu zituzten eta hondakin mota hori murrizteko erronkak ebatzi eta ekintzak proposatu behar izan zituzten.
Hondakinen Prebentziorako Europako Astea asteburu honetan akitzen bada ere, abenduaren 10ean TEEHen trazabilitateari eta konponketari buruzko Hackaton sariak emanen dira: “Ekodiseinua elektronikan: etorkizun jasangarriagoa sortuz”. NUPeko Ingeniaritza Elektronikoko Masterreko eta ETI Tuterako Elektrizitateko eta Elektronikako Erdi Mailako eta Goi Mailako Lanbide Heziketako 1. mailako 140 ikasle inguru lehiatuko dira 4 sari lortzeko. Zehazki, administrazioaren ikuspegitik TEEHen kudeaketa zailtzen duten bi erronkari helduko diete: trazabilitaterik eza eta konpontzeko zailtasuna. Hackathon-a Europako astean hasi zen, eta sarien banaketa Pinaquy aretoan eginen da, Iruñerriko Mankomunitatearen salestarren egoitzan, arratsaldeko 17:00etan. Mahai-inguru bat eginen da, eta bertan egonen dira Iruñerriko Mankomunitatea, Emausko Trapuketariak, OCU eta Orekan.
4.300 tona TEEH bildu dira urtean Nafarroan
Gogoratu behar da Nafarroan tresna elektriko eta elektronikoen 4.300 tona hondakin inguru biltzen direla urtean, eta horietatik % 85 baino gehiago etxean sortzen direla. Zehazki, 2024an, Foru Komunitateko 104 garbiguneetan 993 tona hondakin utzi ziren, eta 759 tona hondakin bildu ziren etxez etxeko zerbitzuaren bidez. Hau da, etxeko TEEH horien % 47 garbiguneetan eta etxez etxe biltzen dira; % 34, berriz, banatzaile profesionalek biltzen dituzte, eta % 20, berriz, tresnen ekoizleek ezarritako kudeatzaileen eta sareen bidez.