Europako MRR funtsetatik eta Nafarroako Gobernuaren beraren baliabideetatik datozen 8,44 milioi euroko aurrekontua izan duten hiru azpiproiektutan zentratu da Nafarroaren parte-hartzea. Energia Berriztagarrien Zentro Nazionaleko (CENER) Fundazioak garatu ditu guztiak.

Zehazki, offshore edo itsas zabaleko haize-parkeen kudeaketaren digitalizazioan zentratu da DIGI proiektua (0,8 milioi euroko finantzazioa izan du), zeinean parke oso bat simulatzen duen biki digital bat eta makinen funtzionamendua eta egoera monitorizatzeko digitalizazio-plataforma bat garatu baitira.

Bestalde, SOEC proiektuak (3,5 milioi euroko aurrekontua) energia berriztagarrien bidez eta hondar-beroak aprobetxatuz oxido solidoaren elektrolisiaren teknologiaren bidez hidrogenoa tenperatura altuan sortzeko prozesua landu du. Aragoirekin eta Madrilekin lankidetzan, neurri desberdin batzuetako elektrolizagailuak proposatu dira, teknologia hori industrian aplikatze aldera.

Azkenik, LDBA proiektuak bioerregai aurreratuen garapena landu du, ekonomia zirkularra bultzatuz eta pirolisian, likidotze hidrotermalean, gasen hartziduran eta beste teknologia batzuetan bermatuz. Lau milioi euroko finantziazioari esker, laborategi oso bat izan dute eta instalazio pilotuekin lan egin dute; modu horretan, lehen komunitatean ez zeuden gaitasunak sendotu dira.

Oro har, lerro horiek guztiek aukera eman dute 28 langile hartzeko; 14 hidrogenoaren arloan eta beste hainbeste erregai aurreratuen arloan. Espezializazio-maila handiko lanpostuak dira, denboran jarraitzeko sortuak: CENERek Zangozan eta Agoitzen dituen zentroetan garatzen dira haietako batzuk. Trantsizio energetikoak lurralde-kohesioa bultza dezakeela eta despopulatzea geldiaraz dezakeela erakusten du horrek guztiak.

Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (CENER), zeina energia berriztagarrien erreferentziazko erakundea baita, energia berriztagarrietan aplikatutako ikerketa egiten du eta energia-enpresa eta -erakundeei laguntza teknologikoa ematen die honako bost arlo hauetan: eolikoa, eguzki-energia termikoa eta eguzki-energia fotovoltaikoa, biomasa, hirietako trantsizio energetikoa, eta sarean integratzea, metatze elektrikoa eta hidrogenoa. Gaur egun, I+G+Bko 52 proiektu europar, nazional eta eskualdeko ari dira garatzen CENERen eta haietako 16ren koordinatzailea da.

Informazio gehiago