Osasun Departamentuak, Navarrabiomeden bidez, MAG-SUDOE proiektu europarraren nazioarteko lehen lantegian parte hartu du. Ekimen aitzindaria da, eta aholkularitza genetikoko mentoretza profesionala bultzatzen du, osasungintza-taldeen ongizatea hobetzeko eta genetika klinikoko zerbitzuetan asistentziaren kalitatea indartzeko.

Bazkideen ikuspegi komuna erakusten du proiektuak: zaintzen dutenak zaintzen dituen Europa, berritzen duena eta lankidetzan diharduena pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzeko.

Lantegia hiru egunekoa izan da, Portugalgo, Frantziako eta Espainiako bazkideek parte hartu dute, eta aukera eman du ikerketa nazionalen aurretiazko emaitzak aurkezteko eta aholkularitza genetikoko mentoretzarako eredu baten diseinuan aurreratzeko, Europarako soluzio bateratu gisa.

Hauek dira MAG-SUDOEren helburu nagusiak: aholkularitza genetikoaren kalitatea hobetzea SUDOE eskualdeko ospitale eta osasun-zentroetan (osasun-laguntza hobetuko du horrek), osasungintzako langileen ongizate psikologikoa eta erresilientzia sustatzea, zientziaren eta osasungintzaren alorretan lankidetza sendotzea Espainiaren, Frantziaren eta Portugalen artean, eta Europako beste testuinguru batzuetan ereduak hartzeko balioko duen ebidentzia sortzea.

Genetika klinikoko zerbitzuetan elkar zaintzearen eta laguntza-bikaintasunaren kultura bultzatzea da xedea.

EGEF funtsek finantzatzen dute MAG-SUDOEren % 75, Interreg Sudoe programaren bidez; 2028 arte jarraituko du eta azken emaitzak eta osasun-politika publikoetan integratzeko gomendioak aurkeztuko dira urte horretan. Portoko Ikerketa eta Berrikuntza Institutuak (i3S) koordinatzen du partzuergoa eta partaideak dira, beste bazkide batzuekin batera, Navarrabiomed (Nafarroa), Santiago de Compostelako Osasun Ikerketako Institutua (IIS Santiago), Tolosako Unibertsitateko Ospitale Zentroa (CHU Toulouse) eta Portugalgo Osasun Publikoko Sozietatea (SPSP).

Informazio gehiago