Ursula von der Leyen presidentea Belem-en (Brasil) izan zen aste honetan, eta COP30 Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentziaren inaugurazioan parte hartu zuen, munduko liderrekin batera.
Parisko Hitzarmenetik hamar urtera, trantsizio garbia lortzeko eta tenperatura globalaren igoera industriaurreko mailen gainetik 1,5 °C mugatzeko une erabakigarrian egin da COP30.
Von der Leyen presidenteak berretsi egin zuen 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzeko EBren konpromisoa, eta Europak konpromiso klimatikoen arloan bere norabideari eusten diola berretsi zuen. EBk ahalegin horien buru izaten jarraituko du, nazio mailan emaitzak lortzen dituen eta atzerrian lankidetza eta deskarbonizazioa bultzatzen duen bazkide fidagarri eta anbiziotsu gisa jardunez.
EB ongi bideratuta dago berotegi efektuko gasen (BEG) isuriak %55 murrizteko helburua lortzeko 2030erako, 1990. urtearekin alderatuta. Orain, EBk Nazio Mailako Ekarpen Zehatz (gaztelaniaz, CDN) berri bat aurkeztu du, 2035erako BEG emisioak %66,25 eta %72,5 artean murrizteko konpromisoarekin; presidentearen esanetan, emisio egile nagusien arteko asmo handieneko bigarren plana da.
Gainera, aste honetan, 2040rako BEG emisioak %90 murriztea adostu zuten –juridikoki modu loteslean– estatu kideek, eta hori aurrerapauso erabakigarria da hurrengo hamarkadarako EBren helburu klimatikoa ezartzeko.
Ostegunean, presidenteak Liderren Osoko Bilkura Orokorrean parte hartu zuen, eta bertan aurtengo COParen garrantzia azpimarratu zuen. «Honek izan behar du 1,5 Celsius graduko helburua gure eskura mantentzen duen COPa. 2030erako energia berriztagarriak hirukoizteko eta eraginkortasun energetikoa bikoizteko erabakia indartuko duen COPa. Klima aldaketaren eragin suntsitzailearen aurrean ahulenak diren herrialdeentzat emaitzak emanen dituen COPa. Europar Batasuna prest dago laguntzeko», adierazi zuen.
Xehetasun handiagoz azaldu zuen EB nola ari den laguntzen, trantsizio garbi baterako aldebiko 40 elkarteren baino gehiagoren bidez, iaz 34.000 milioi dolar baino gehiago emandako klimarako finantzaketa publikoan, eta bazkideei lagunduz, emisioen merkataritza sistema propioak eraiki ditzaten EBko Karbonoaren Prezioei buruzko Lantaldearekin.
Ostiralean, von der Leyen presidenteak Karbono Merkatuei buruzko Liderren Adierazpena babestu zuen. Adierazpen horrek karbonoaren prezioen finkapena eta mundu mailako merkatu mekanismoak onartzea bultzatuko du.
Presidenteak trantsizio energetikoari buruzko mahai inguru batean ere parte hartu zuen. Azken bi urteetan lortutako aurrerapenak azpimarratu zituen, munduak konpromisoa hartu baitzuen 2030erako energia berriztagarriaren ahalmena hirukoizteko eta eraginkortasun energetikoa bikoizteko.
Hau adierazi zuen: “Gero eta azkarrago goaz aurrera 2030erako energia berriztagarriak hirukoizteko eta horien eraginkortasuna bikoizteko helbururantz. Eguzki energiak eta energia eolikoak ikatza gainditu dute elektrizitate iturri nagusi gisa. Aurten, mundu mailan instalatutako ahalmen berriaren %95 energia berriztagarrietatik etorri da. Energia berriztagarriak garbiagoak izateaz gain, merkeagoak ere badira. Izugarri pozten nau ikusteak herrialdeak helburu horiek beren plan klimatikoen erdigunean kokatzen ari direla. Ia erdiek energia berriztagarrietarako helburu bat sartu zuten Nazio Mailako Ekarpen Zehatz (NDC) berrietan. Beraz, energia garbirako trantsizioa geratzeko iritsi dela esaten ahal dugu”.
Gainera, energia berriztagarrien etengabeko hazkundearekin (adibidez, eguzki energia eta energia eolikoa), munduak elektrizitatea biltegiratzeko gaitasun egokia garatu behar du. EBk ahalegin horretan laguntzen du Global Gatewayren bidez, eta orain arte inbertitutako 300.000 milioi euroen %25 inguru bideratu du sareetara eta biltegiratze ahalmenera.
COP30ek martxan jarraituko du azaroaren 21era arte. Wopke Hoekstra komisarioak gidatuko du EBko negoziazio taldea datorren astetik aurrera, eta Dan Jørgensen komisarioak energiarekin lotutako beste ekitaldi batzuetan parte hartuko du. Ribera presidenteorde exekutiboak COP30eko Tokiko Liderren Foroan parte hartu zuen aste honetan, Rio de Janeiron.