Nafarroako Turismo Departamentuak El Camino del buen vivir’ estreinatu berri du, Done Jakue Bideak Foru Komunitatean zeharreko bidean eskaintzen dituen ibilbideetan oinarritutako dokusaila. Zehazki, ekoizpenak Nafarroako bizi-kalitatea azpimarratzen du, zeina 2008tik Espainiako erkidegoen artean arlo horretako lehen postuan baitago, Estatistikako Institutu Nazionalaren Bizi Kalitatearen Indize Multidimentsionalaren arabera.

Silvia eta Irene dira protagonistak, izeba eta iloba, eta bi emakume horien begiradaren bidez, Nafarroako Bideko ibilbideen sekretu batzuk ezagutzera gonbidatzen gaitu sailak. Road movie azpigeneroan filmatuta, 12 eta 16 minutu bitarteko hiru kapituluk osatzen dute, eta ikusleak bi protagonisten arteko harreman berezian murgiltzen dituzte. Haien begiraden, bizi-esperientzien eta ilusioen bidez, Done Jakue Bidea, Nafarroako baliabide turistiko garrantzitsuenetako bat, bizitzeko beste modu bat proposatzen dute.

Hansel y Gretel agentziak egindako ikus-entzunezko proiektu honen helburua da erromesena ez den beste bide bat proposatzea: turista izateari uko egiten dion eta leku bakoitzean etxea bilatzen duen bisitariaren bidea. Zenbait eszena baliatuz, esperientzia-bidaia honek Nafarroaz alaitasunetik nola gozatu erakusten du, paisaiak, tradizioak eta jendea errespetatuz.

Horrez gain, dokusail honek Nafarroa masifikatu gabeko helmuga gisa posizionatzea indartu nahi du, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik turismo arduratsu, iraunkor eta irisgarri baten alde egiten duen helmuga gisa.

Hiru kapitulu hauek osatzen dute Road moviea: ‘De mirar las estrellas a cenar en una de ellas’ (Frantziar bidea), ‘De una cata de vinos a otra de aguas termales’ (Baztango bidea) eta ‘De una ermita románica a una cenita romántica’ (Aragoiar bidea). Izenburu horiek agerian uzten dute ardatzak gastronomia ona, xarma handiko lekuak, esperientzia esklusiboak eta, batez ere, erlojuaren tiraniatik urrun ibiltzen jakitea dituen bidea dela. Bidaiatzeko beste modu bat, jakingura duen begirada batetik Nafarroa benetakoena ezagutzeko aukera ematen duena.

Telesaila YouTubeko VisitNavarra kanalean dago eskuragarri, eta urteko azken hiruhileko honetan plataforma digitaletan publizitate-kanpaina bat egin da, Nafarroa behe-denboraldian turismo-helmuga gisa sustatzeko.

Ikus-entzunezko proiektu hau Europar Batasuneko Next Generation funtsen eta Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren finantzaketari esker abiarazi ahal izan da, eta ‘Helmugen arteko kohesio-jarduerak: 5 Done Jakue bide, mila bide Nafarroan’ ekimenaren barruan dago.

Finantzaketa horren bidez, Nafarroako bost Done Jakue bideak nazioarteko produktu turistiko garaikide gero eta berdeago eta iraunkorrago, energetikoki eraginkorrago, digitalki aurreratuago eta esperientziaz beteago bihurtzeko lanean ari dira azken urteotan.

Beste ekintza batzuen artean, sustapen- eta dibulgazio-lan handia egiten ari da jardunaldi tekniko profesionaletan eta marketin-kanpainen bidez, arreta merkatu nazionaletan ez ezik, beste batzuetan ere jarrita, hala nola Mexikon, Estatu Batuetan, Alemanian, Frantzian, Italian, Belgikan eta Herbehereetan. Helburu horrekin, visitnavarra.es webgunean publiko horietarako orientabide premium eta espirituala duten orrialdeak sortu dira zenbait hizkuntzatan: ingelesez, frantsesez, alemanez, nederlanderaz eta italieraz.