Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Trafiko Zerbitzuaren bidez eta European Transport Safety Council (ETSC) eta MAPFRE Fundazioarekin lankidetzan, European Traffic Education – Seminar 2025 ospatuko du ostegun honetan Baluarten, gai horrekin lotuta Nafarroan eginen den nazioarteko lehen hitzordua. Jardunaldiak Europako LEARN! proiektua du ardatz (Leveraging Education to Advance Road Safety Now!). Europako bide segurtasunaren eta mugikortasunaren arloko hezkuntzaren kalitatea hobetzea du helburu, sektorean adituak diren langileei informazioa, tresnak eta baliabideak emanez, bai eta jarraibideak eta gomendioak eskainiz ere. Bereziki adingabeen eta gazteen hezkuntza azpimarratzen du, bide segurtasunak eguneroko bizitzaren zati garrantzitsua eta naturala izan behar baitu, modu seguruan hazi ahal izateko.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak hainbat ekintza bultzatu ditu arlo horretako jarduerak dinamizatzeko eta modernizatzeko, Nafarroako Foru Komunitatearen Bide Segurtasuneko – Mugikortasun Seguruko Plan Estrategikoaren esparruan. Plan hori duela urtebete aurkeztu zuen Gobernuak, eta pertsonengan arreta jarriko duen aldaketa kultural bat bultzatzearen aldeko apustua egiten du. Jarduera horietako bat da, hain zuzen ere, biltzar hau egitea.

Barneko zuzendari nagusi Salvador Díezek adierazi duenez, “garrantzitsua da gazteria gidatzea, komuna izan behar duen bide batean. Biltzarrean, hezkuntzan bertan bide hezkuntza modu praktiko eta zehatzean integratzeko metodoak eta ekimenak landuko dira, ezinbestekoa baita Nafarroako herritarrek hautematea eta ohartzea bide segurtasunak zuzenean eragiten diela gure bizitzei”.

Erakundeentzako gida

Hitzordua 09:00etatik 16:15era izanen da, formatu hibridoan: 65 pertsona bertaratuko dira, eta 237k eman dute izena jardunaldia streaming bidez jarraitzeko. Goizeko saioetan, LEARN! programako adituen taldean zehazki hezkuntza jardueren garapenean eta ebaluazioan aritzen direnen aurkezpenak izanen dira, tartean diren langileen parte hartzearekin.

Bide hezkuntzari buruzko hainbat lan eta proposamen biltzen dituen Europako proiektu horren bidez, gida bat egin da toki erakunde edo administrazio publiko bakoitzak bere jarduerak diseinatu eta ikastetxeetan beste irakasgai bat bezala aplikatu eta ebaluatzeko.

Ildo horretan, bide hezkuntzari buruzko Europako lehen mintegi honek tresna bat izan nahi du arlo horretako irakaskuntza Europan homogeneoa izan dadin. “Administrazioetan bide hezkuntzaren eta mugikortasunaren kalitatea ebaluatzeko gai izaten lagunduko diguten beharrezko baliabideak ezartzeko eta finkatzeko proposamena da, Europako araudira egokitzeko. Parez pare joan gaitezen, bide beretik, eta guztiok modu berean inplika gaitzan”, berretsi du Díezek.

Era berean, Nafarroako Gobernuak eta MAPFRE Fundazioak hitzaldiak emanen dituzte mugikortasun seguru eta jasangarrirako hezkuntzari buruz. Horrez gain, hiri edo auzo desberdinek bide segurtasunari buruzko hezkuntzari nola heltzen dioten aztertuko da, arratsaldeko saioan, Europako ikastetxeetan egindako bide hezkuntzako hainbat proiekturi buruzko aurkezpenekin.