Europako Batzordearen pakete digital berriari esker, Europako enpresek, direla fabrikak direla startupak, denbora gutxiago emanen dute administrazio-lanetan eta araudia betetzeko lanetan, eta denbora gehiago berrikuntzan eta hazten. Ekimen honek Europako enpresak hazteko eta abangoardia teknologikoan mantentzeko aukerak eskaintzen ditu, eta, aldi berean, Europako estandar gorenak sustatzen ditu oinarrizko eskubideen, datuen babesaren, segurtasunaren eta ekitatearen arloan.

Funtsean, paketeak araudi digital integral bat du, adimen artifizialari (AA), zibersegurtasunari eta datuei buruzko arauak sinplifikatzen dituena; eta hori osatzeko, Datuen Batasunaren Estrategia bat du, kalitate handiko datuak desblokeatzeko adimen artifizialerako, eta Europako Enpresa Zorroak, enpresei nortasun digital bakarra eskaintzeko. Hala, izapideak sinplifikatu eta asko erraztuko da EBko estatu kide guztietan negozioak egitea.

Paketearen helburua da arauak betetzea erraztea sinplifikazio-neurriak ezarriz, eta kalkuluen arabera, 5.000 milioi euro aurrezteko dira 2029rako. Horrez gain, Europako Enpresa Zorroek 150.000 milioi euroko aurrezkiak sor ditzakete urtero enpresentzat.

Pakete digitala zazpigarren omnibus-proposamena da. Batzordeak EBko araudia sinplifikatzea du helburu, ekonomiaren lehiakortasuna eta oparotasuna bultzatzeko, EBko enpresa-jarduera errazagoa, merkeagoa eta eraginkorragoa izan dadin lortuta. Batzordeak aurrekaririk gabeko sinplifikazioa lortzeko helburu argia du, karga administratiboak gutxienez % 25 murriztuta, eta % 35, gutxienez, 2030 baino lehen enpresa txiki eta ertainendako.

Informazio gehiago