Ikusi al duzu iragarki politikorik inoiz, egunkari edo webgune batean, jakin gabe haren gibelean alderdi politiko bat edo atzerriko erakunde bat zegoela? Adibide bat besterik ez zen; informazioaren aroan, gero eta gehiago aitzin egin behar diogu horri. Urriaren 10etik aitzina, indarrean paratuko dira EBko arau berriak, eta lagunduko digute panorama politiko konplexua hobeki ulertzen, hala online nola offline, gardentasun handiagoz.

Arauek laguntzen digute publizitate politikoa ezagutzen, nork finantzatzen duen ulertzen, eta jakiten iragarkion jasotzen ditugun eta nola. Era horretan, hobeki prestatuak egonen gara gure eskubide demokratikoak jakinaren gainean gaudela erabiltzeko. Arau berriek bermatuko dute, orobat, publizitate politikoak guztiz errespetatzea pribatutasunerako dugun eskubidea, eta gure iritzi- eta adierazpen-askatasunak babesteko.

Hemendik aitzina, EBn:

  • Iragarki politiko ordainduak eta/edo zuzenduak etiketatuak egon beharko dira, eta funtsezko informazioa eman beharko dute; besteak beste, haien babeslea, zer hauteskunde edo erreferendumi lotuak dauden, zenbat ordaindu duten, bai eta segmentatzeko zer teknika erabili duten ere.
  • Sareko iragarki politikoen segmentazioak baldintza zorrotzagoak izanen ditu. Pertsona bati buruz bildutako datuak pertsona horrek publizitate xedez erabiltzeko adostasun esplizitu eta independentea eman ondotik baino ez dira erabiltzen ahalko. Datu pertsonalen kategoria bereziak —kasurako, iritzi politikoak eta arraza- edo etnia-jatorria ezagutarazten duten datuak— ez dira erabiltzen ahalko profilak egiteko.
  • Atzerriko interferentziak eragozteko, EBko herrialdeetan hirugarren herrialdeen babesleek ordaindutako iragarkiak galaraziak egonen dira hauteskunde eta erreferendum baten aitzineko hiru herrialdeetan.

Arau berriak ez zaizkie aplikatzen iritzi pertsonalei eta eduki editorialari. Erregelamenduak ez du arautzen publizitate politikoaren edukia.

Europako Batzordeak gidalerroak argitaratu ditu arauek ukitutakoek eraginkortasunez nola aplikatu jakin dezaten. Barnean daude babesleak, publizitate politikoko zerbitzuen hornitzaileak eta publizitate politikoaren editoreak.

Publizitate politikoari buruzko arauek osatu egiten dituzte EBk gure demokrazia babesteko eta hauteskunde libreak eta bidezkoak sustatzeko abiatutako beste ekimen batzuk.  2020an, Batzordeak Europako Demokraziarako Ekintza Plana abian paratu zuen herritarrak ahalduntzeko, prentsa askatasuna indartzeko eta EB osoan demokrazia erresilienteagoak eraikitzeko.

Etorkizunari begira, 2025eko bukaeran Batzordeak Europako Demokraziaren Ezkutua hartuko du, hau da, EBn demokrazia zaintzeko, indartzeko eta sustatzeko diseinatutako esparru estrategikoa.