Iragan urriaren 11n bete zen epea Europar Batasuneko estatu kideek Energia-efizientziaren zuzentarauaren (EB/2023/1791) funtsezko xedapenak herrialde bakoitzeko legedietan aplikatzeko. Zuzentarauaren xedea, Europar Batasunean energia-efizientziaren helburuak sustatzea da. Aintzat hartu behar da energia-efizientzia dela tresnarik errentagarriena eta sozialki inklusiboena berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko, inportatuko erregai fosilekiko Europar Batasunaren mendekotasuna murrizteko eta energiaren prezioen goiti-beheitien aitzineko erresilientzia hobetzeko. Energia-kontsumoa murriztua, energia-efizientzia bultzatzeko neurriek herritarren eta enpresen energia-fakturak ere murrizten dituzte, eta Europar Batasunaren industria lehiakortasuna indartzen dute.
Legegileek 2023ko martxoaren 10ean adostu zuten eta 2023ko urriaren 10etik indarrean den zuzentarauaren bitartez, Europar Batasunak helburu lotesle bat ezartzen die estatu kideei: 2030erako energia-kontsumoa % 11,7 murriztea globalki (2020ko proiekzioekin alderatua). Helburua betetzeko, Europar Batasuneko herrialde guztiek ahalegin bateratu bat egin beharko dute hurrengo bost urteetan, Energia eta Klimako Estatu Planetan islatu beharrekoa. Europako Batzordeak emandako urratsak ikuskatzen ditu, eta, horretarako, Energia eta Klimako Estatu Planak zorrotz aztertzen ditu. Bada, eguneratutako Energia eta Klimako Estatu Planek Europar Batasun osoan izandako inpaktu metatua ebaluatzeko Europako Batzordearen ebaluazioaren arabera (COM/2025/274) —maiatzean argitaratu zen—, herrialde anitzek energia-efizientzia indartzeko egitasmoak indarrean paratu badituzte ere, ezarritako helburua betetzeko are ahalegin handiagoa egin beharra dute oraindik.
Helburua betetzeko, zuzentarauak exijitzen du, azpiegitura energetiko berrietan inbertitu aitzinetik, adibidez zentral elektrikoak, berokuntzako sistemak edo sareak, Europar Batasuneko herrialdeetako agintari publikoek egiaztatu beharra dutela energia-efizientziako hobekuntzak ezartzea alternatiba ekonomikoagoa eta garbiagoa ote den. Horrela baldin bada, energetikoki efizienteak diren irtenbideak lehenetsi behar dituzte.
Zuzentarauak honako beste errekerimendu hauek ere egiten dizkie Europar Batasuneko herrialdeei:
- Sektore publikoa eredu izatea bermatzea, urtero energia-kontsumoa % 1,9 jaitsiz (2021eko datuekin alderatua) eta urtero gutxienez eraikin publikoen % 3 berrituz.
- “Leihatila bakarrak” ezartzea efizientzia energetikoa lortzeko berrikuntzen gaineko aholkularitza, orientazioa eta laguntza praktiko doakoa emateko, bereziki familia zaurgarrienetan eta energia-egoera okerreneko eraikinetan zentratua.
- Lehenestea egoera zaurgarrian daudenei laguntza ematea, eta bermatzea energia-aurrezpenaren zati espezifiko bat lotua egon dadin energia-pobrezian bizi diren familiekin eta etxebizitza sozialetara bideratutako ekintzekin. Azken batean, zaurgarrienen energia-fakturak murriztea eta energia berrirantz trantsizioa bidezkoa izatea bermatu nahi da.
- Energia-efizientziako zerbitzuak sustatzea, baita energia-zerbitzuen enpresen eta finantza-irtenbide berritzaileen eskutik ere.
Europako Batzordeak laguntza eskaini die Europar Batasuneko estatu kideei orientazioko dokumentuen, saio tematikoen eta aldebiko trukeen bitartez, energia-efizientziaren zuzentarauaren funtsezko xedapenak herrialde bakoitzeko legedietan nola aplikatu jakiteko.