Susumu Kitagawa, Richard Robson eta Omar M. Yaghi kimikariei eman zaie 2025eko Kimikako Nobel Saria, egitura metalorganikoak (MOF) sortzeagatik. Material berritzaileak dira, eta gasak (kasurako, CO₂ eta hidrogenoa) eta baita ura ere harrapatzen dituzte.

MOFak belaki mikroskopikoen tankerakoak dira; barrunbe arras txikiez osatuak dira, eta aldamio molekular gisa aritzen dira. MOFen hauts gramo gutxi batzuek futbol zelai baten neurriko barneko azalera dute; horregatik, ezagutzen den material solido porotsuena da. Aparteko propietate horri esker, MOFek CO₂ molekulak harrapatzen ahal dituzte, eta baliteke erraztea eta merkatzea CO₂ emisioak harrapa daitezen zentral elektrikoetan, industria instalazioetan, bai eta airetik zuzenean ere: funtsezko aitzinamendua da klima-aldaketaren kontrako borrokan.

Europar Batasunak MOF erabiltzen duten teknologiak garatzea babesten du, besteak beste, Horizonte Europa eta Berrikuntza Funtsa programen bitartez eta Karbono ezabatzeari eta karbono laborantzari buruzko erregelamenduaren (CRCF) bidez. Adibidez, Horizonte Europako PORECAPTURE eta MOST-H2 de proiektuak MOFak mintzetan erabiltzea aztertzen ari dira; hurrenez hurren, CO2 harrapatzeko eta hidrogenoa biltegiratzeko.

CRCFren bitartez, Batzordea metodologiak ezartzen ari da karbono xurgatze iraunkorrak ziurtatzeko, barne hartuak Karbonoa airetik zuzenean harrapatzea eta biltegiratzea (DACCS) eta Emisio biogenikoak harrapatzea eta karbonoa biltegiratzea (BioCCS). Esparruak jarraipenerako eta txostenak aurkezteko estandar erkideak ezartzen ditu, eta aukera ematen die Europan DACCS eta BioCCS ezartzen dituzten instalazioei EBren ziurtagiria eskatzeko. Ziurtagiriak merkatuaren sinesgarritasuna indartuko du, inbertsioak erakarriko ditu, eta Europako programa publiko honek aitortutako karbono xurgapen fidagarrien eta egiaztagarrien eskaera bultzatuko du.

Karbonoa harrapatzetik haratago, MOFak aztertzen ari dira, orobat, airetik ur garbia ateratzeko, kutsatzaileak ezabatzeko eta hidrogenoa biltegiratzeko: hori guztia trantsizio garbia eta klima-aldaketara egokitzen laguntzeko potentzial handiarekin.