Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) 2026an akituko da eta bitartean EB osoan erreforma eta inbertsio positiboak bultzatzen jarraitzen du. NextGenerationEU-ren giltzarri gisa, SEMk 367.000 milioi euro banatu ditu dagoeneko, estatu kide guztietan, funtsezko helburuak lortzen laguntzeko, hala nola erresilientzia ekonomikoa eta soziala eta trantsizio ekologikoa eta digitala. Batzordeak urteko laugarren txostena aurkeztu du gaur, eta mekanismoaren aurrerapenak nabarmentzeaz gain, haren onurak ahal den handienak izateko neurriak hartzeko eskatu du.

Gaur argitaratutako txostenak erakusten du SEMk inbertsio publikoa hobetu duela –2025ean BPGaren % 3,8ra arte handitzea espero da, 2019an % 3,2koa zelarik–, adibidez, industria zerbitzuen eta produkzioaren deskarbonizazioa eta digitalizazioa lagunduz, edo ibilgailu garbiak kargatzeko 900.000 estazio baino gehiago instalatuz eta abiadura handiko Internetera 16 milioi etxe konektatuz. Mekanismoak babestu du, orobat, erreforma estrukturalen sorta zabal bat, haien helburua dela epe luzerako hazkundea eta erresilientzia ekonomiko eta soziala sustatzea: plangintza eta baimenak ematea bizkortzea, zerbitzu publikoak digitalizatzea, lan merkatuaren ahultasunei aurre egitea edo hezkuntzaren kalitatea hobetzea estatu kide guztietan.

Batzordeak estatu kideei eskatzen die aurrera egin dezatela suspertze eta erresilientzia planak gauzatzen. Estatu kideek mugarri eta helburu guztiak bete behar dituzte 2026ko abuztuaren 31 baino lehen, eta Batzordeak ordainketak egin behar ditu, 2026ko abenduaren 31 baino lehen.

SEM mekanismoaren txostenaren xehetasun gehiago kontsultatu ahal dituzu gure prentsa agirian