Toki entitateentzako laguntzen deialdia da, EBko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatua.
Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak berriki onartu du toki entitateei zuzendutako laguntzen deialdi bat, Donejakue Bideak Foru Komunitatean dituen bost ibilbideetako ostatu, atsedengune, paisaia eta bide-tarteen jasangarritasuna sustatzeko. Helburu horrekin, 716.641,73 euroko inbertsioa erreserbatu da; Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik heldu da funtsa.
Hain zuzen ere, diru-laguntza hartu nahi duten jarduketak eskaera aurkeztu ondoren gauzatu eta fakturatu behar dira, beranduenez 2026ko maiatzaren 30erako. Laguntza hauek hartzen ahalko dituzten proiektuek deialdiak jasotzen dituen hiru arloetako batean kokatuta egon beharko dute: titulartasun publikoko ostatuak sortzea edo egokitzea, ekonomia zirkularraren printzipioetan oinarrituta, betiere; atsedenguneak prestatzea eta paisaia nahiz ingurumena kontserbatzeko jarduerak abiaraztea; lagunduko da, orobat, Bidearen Nafarroako zati guztietan irisgarritasuna egokitzea eta hobetzea.
Eskaerak aurkezteko epea zabalik egonen da deialdia NAOn argitaratu eta hurrengo egunetik, 2025eko urriaren 31ra arte, eta bide elektronikoz egiten ahalko dira, Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoko fitxaren bidez.