Euskarak bizikidetzarako eta gizarte- eta lurralde-kohesiorako elementu gisa duen balioa nabarmendu du Ollo lehendakariordeak, eta Europar Batasunean ofiziala izan behar duela defendatu du

Nafarroak bat eginen du ostiral honetan, irailak 26, Hizkuntzen Europako Egunarekin. Hala, Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea–Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, ekimen komun horrekin bat eginen du, eta herritar guztiak Europako Kontseiluak sustatutako hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren ospakizun horretan parte hartzera gonbidatu ditu.

Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak nabarmendu duenez, “euskara, gure lingua navarrorum, Europako ondarearen parte da, eta aintzatespen ofizial hori ere merezi du, beste hizkuntza autonomiko batzuekin batera, hala nola katalana eta galegoa”.

Gainera, Ollo lehendakariordeak adierazi duenez, “2025a ez da beste urte bat bakarrik. Uhin ukatzaileek, diskurtso homogeneizatzaileek, inoiz baino beharrezkoagoa egiten dute gure kontinentearen, Europaren, aniztasun linguistiko eta kulturalarekiko konpromisoa berritzea; izan ere, ia 800 milioi herritar bizi gara Europan, 225 hizkuntza baino gehiago daude, eta horietatik 24 dira ofizialak Europar Batasunean”.

Halaber, Ollok gogorarazi du Nafarroan hiru gaztetik batek dakiela euskaraz, eta bost pertsonatik bat ez dela Foru Komunitatean sortu. “Gero eta anitzagoa eta pluralagoa den gizarte honetan, gure gain hartu behar dugu euskara Europako balio eta bizikidetzarako eta gizarte- eta lurralde-kohesiorako elementu bihurtzeko erronka. Era berean, aliantzak sortu behar ditugu gure hizkuntza propioen defentsan, Europako politika publikoaren agendan lekua izan dezaten”.

Azkenik, lehendakariordeak azpimarratu du oso garrantzitsua dela hizkuntzak jakitea, hizkuntza-aniztasuna eta, batez ere, gazteak hizkuntza-aniztasunari buruz sentsibilizatzea, kultura-aberastasunaren adierazgarri gisa. Halaber, herritarrak hainbat hizkuntza ikastera animatu ditu, bertakoak zein atzerrikoak.

Euskarak EBn izanen duen etorkizunari buruzko web mintegia

Hizkuntzen Europako Eguna ospatzeko, Bruselan, Europar Batasuneko (EB) Gaietarako Nafarroak duen Bulego Iraunkorrak mintegi birtual bat antolatu du, euskarak EBn izanen duen etorkizunari buruzkoa. Mintegi horrekin, Nafarroako Gobernuak hizkuntza autonomikoek EBren funtzionamenduaren esparruan bete behar duten tokiaren ikuspegi bat eskaini nahi du.

Web mintegia Iñigo Uhartek moderatuko du, Europar Batasuneko Gaietarako Nafarroak duen Bulego Iraunkorrekoa, eta bertan parte hartzaile izanen dira Johan Häggman, Hizkuntza eta Europar Politiken aholkularia, FUEN; Mikel Etxebarria, Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareko lehendakariordea (NPLD, ingelesezko sigletan); eta Javier Arakama, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea. Ollo lehendakariordeak eginen du irekiera instituzionala.

Jardunaldian honako gai hauek jorratuko dira: Europar Batasunak hizkuntza autonomikoak edo gutxituak sustatzea; “Hizkuntza gehiago, Europa gehiago: demokrazia kohesionatzen eta indartzen duen aniztasuna”; eta Nafarroako inplikazioak eta lana. Ondoren, eztabaidarako unea izanen da eta hizlariei galderak egiteko aukera egonen da.

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen ekitaldia

Hizkuntzen Europako Eguna dela eta, Nafarroako Gobernua kide den Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak (NPLD) ekitaldi bat antolatu du harremanak ezarri eta mantentzeko, sinergiak identifikatu eta osatzeko helburuarekin, NPLDko gobernu-kideei, Europako Parlamentuko diputatuei, Europako Batzordeko eta Europako Kontseiluko ordezkariei eta hizkuntza gutxituak hitz egiten diren estatuetako funtzionarioei zuzenduta. Horrela, irailaren 25ean, osteguna, Éamon Ó Cuív Erkidegorako, Landaguneetarako eta Gaeltachterako (Irlandako gaelera) Irlandako ministro ohiaren parte-hartzearekin bilera bat izan zen. Irlandera EBko lan-hizkuntza gisa onartua izan dadin lortzeko Irlandak egindako ahaleginak gainbegiratu zituen Ó Cuívek. Gainera, Europako hizkuntzek EBn ofizialtasuna lortzeko bidean dituzten erronkak eta aukerak aipatu zituen.

Hizkuntzen Europako Eguna

Hizkuntzen Europako Eguna, irailaren 26an ospatzen dena, Europako Kontseiluak 2001ean sortutako ekimena da, eta 46 herrialdetako 800 milioi herritar baino gehiago ordezkatzen ditu. Urtero egiten da, 225 hizkuntza propio baino gehiago dituen kontinente bateko, Europako, hizkuntza-aniztasuna omentzeko.

Aurten, ospakizun horren 25. urteurrena betetzen da, eta, Hizkuntza Modernoen Europako Zentroak (ECML) urtero egiten duen bezala, “Hizkuntzek bihotzak eta buruak irekitzen dituzte!” leloa proposatu du, hizkuntzak ikasteak emozioak eta burmuina inplikatzen dituela islatzeko. Gaitasun kognitiboak hobetzeaz eta pertsonen artean zubiak eraikitzeaz gain, hizkuntzak ikasteak ideiak, emozioak eta esperientziak trukatzea errazten du, enpatia eta bizimoduekiko errespetua sustatuz.

Gogoratu behar da EBk 24 hizkuntza ofizial dituela, EB osatzen duten 27 estatu kideen artetik, baina Europako hizkuntzak, guztira, 60 bat direla. Horiek, estatu kideetako hizkuntza ofizialak ez izan arren, onarpenen bat duten hizkuntzak izan daitezke, baita ofizialak ere beren lurraldeetan. Europako hizkuntzez gain, kontuan hartu behar dira Europako gizartearen errealitate eleanitza osatzen duten munduko beste leku batzuetako gainerako hizkuntza guztiak.

Hizkuntzen Europako Egunari dagokionez, erakunde nazionalek, EBko erakundeek, EUNIC sareak (ingelesezko siglak: European Union National Institutes for Culture) eta Europako Kontseiluak adin guztietarako jarduera-programa bat sortzen lagudu dute. Programa horretan kultura- eta hizkuntza-interesak dituzten erakunde eta elkarte ugarik parte hartzen dute, bai eta unibertsitateek eta ikastetxeek ere. Programa horrek hizkuntza-ikastaroak, jolasak, hitzaldiak, konferentziak, irratsaioak… barne hartzen ditu, zeinak Europa osoan eginen baitira irailaren 26an bertan eta aste horretan zehar.