Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren fase aurreratuan, Foru Komunitateak martxan ditu SEMetik eratorritako 119 azpiproiektu

Abuztuaren hondarrean, Nafarroak 398,89 milioi euro gauzatuta zituen Next Generation proiektuetan, Foru Komunitateari esleitutako 616,83 milioi euroetatik. Gainera, finantzaketa horretatik 607,81 milioi euro jaso eta kontabilizatu ziren joan den hilaren hondarrean.

Zenbateko horri esker, Foru Komunitatean 119 azpiproiektu daude martxan Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari dagokionez. Jarduketa horiek bat datoz 2020 eta 2026 arteko aldirako 610,58 milioi euroko gastu baimenduarekin.

Europako erakundeek COVIDaren ondorio negatiboak minimizatzeko abian jarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren fase aurreratuan, departamentu bakoitzak kudeatutako proiektuen kopurua egonkor mantentzen da, bai eta 2020-2026rako esleitutako finantzaketa ere.

Hala, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak proiektu gehien kudeatzen dituzte (30 eta 24 proiektu, hurrenez hurren), eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentua da finantzaketa gehien duen departamentua (111,8 milioi euro).

Laguntza horiekin lotutako informazio guztia publikoa eta gardena da, eta Gobernu Irekiaren webgunean dago. Bertan, Foru Administrazioaren kontabilitate-sistematik eratorritako proiektu, jarduketa eta funts-hartzaile guztien datuak iraultzen dira. Era berean, indarrean dauden eta bukatu diren deialdiei buruzko datuak, funtsei buruzko informazio gehigarria eta funtsak arautzen dituen legeria esteka honetan ere kontsulta daitezke: nextgeneration.navarra.es/eu/.