EBko herrialde guztietako bigarren hezkuntzako ikastetxeek Juvenes Translatores deritzon Europako Batzordearen urteroko itzulpen-lehiaketan izena ematen ahal dute dagoeneko.
Ikastetxeek dagoeneko linean izena ematen ahal dute, ikasleak Batasuneko beste herrialde batzuetakoekin lehiatu ahal izateko.
Parte-hartzaileek edozein hizkuntza-pare aukeratzen ahalko dute Batasuneko 24 hizkuntza ofizialen artean (552 hizkuntza-konbinazio daude aukeran).
Bi etapa bete behar dira lehiaketan parte hartzeko: Lehenengoan, ikastetxeek 2025eko urriaren 14ko 12:00ak baino lehen (Europa Erdialdeko ordua) eman behar dute izena. Irakasleek Batasuneko 24 hizkuntza ofizialetako edozeinetan egiten ahalko dute inskripzioa.
Jarraian, Batzordeak ausaz aukeratutako 720 ikastetxe gonbidatuko ditu hurrengo etapan parte hartzera. Herrialde bakoitzeko ikastetxe partaideen kopurua herrialde bakoitzak Europako Parlamentuan dituen aulki kopuruaren proportzionala izanen da.
Aukeratutako ikastetxeek, orduan, gehienez bost ikasle izendatuko dituzte lehiaketan parte hartzeko. Ikasleek edozein herritartasun izaten ahalko dute, baina parte-hartzaile guztiek 2008an jaioak izan behar dute.
Lehiaketa linean eginen da 2025eko azaroaren 27an parte hartzen duten ikastetxe guztietan.
Irabazleek (herrialde bakoitzeko bana) 2026ko udaberrian Bruselan eginen den sari-banaketako zeremonian parte hartzen ahalko dute. Europako Batzordeko itzultzaile profesionalekin biltzeko eta lanbideari eta hizkuntzekin lan egiteari buruzko informazio gehiago jasotzeko aukera izanen dute.
Testuingurua
Batzordeko Itzulpen Zuzendaritza Nagusiak urtero antolatzen du Juvenes Translatores lehiaketa, 2007az geroztik. Lehiaketa horrek ikastetxeetan hizkuntzak ikastea sustatzen du, eta gazteei aukera ematen die itzulpengintza profesionala zer den jakiteko. Bigarren hezkuntzako hamazazpi urteko ikasleentzat da, eta aldi berean egiten da Europar Batasuneko ikastetxe guztietan.
Lehiaketaren helburua gazteak hizkuntzak ikasteko inspiratu eta animatzea da. Urtero, azaroan, lehiaketaren egunean, 3.000 nerabek baino gehiagok gaurkotasuneko gai bati buruzko sormenezko orri bateko idazlan bat itzultzen dute EBko hogeita lau hizkuntza ofizialetako batetik beste hogeita hiruetako batera.