Europako Batzordeak pozik hartu du atzo Europako Parlamentuak eta Kontseiluak EBko inbertsio-programak sinplifikatzeko omnibus paketeari buruz lortutako akordio politikoa. Paketea Batzordeak proposatu zuen 2025eko otsailean, eta InvestEU indartuko du, EBren inbertsio-tresna bereizgarria; izan ere, EBren bermea 2.900 milioi eurotan handituko du, eta horrek ia 55.000 milioi euro liberatuko ditu inbertsio publiko eta pribatu gehigarrietarako, eta 40 milioi euro gehiago esleituko dizkio InvestEUren Aholkularitza Zentroari. InvestEUren eragiketen ia % 40k jada klimaren aldeko ekintzan laguntzen dute, eta hobetutako bermeak proiektuak babesten jarraituko du Lehiakortasunaren Iparrorratzaren eta Industria Garbiaren Itunaren esparruan. Erreformak, halaber, prozedura eraginkorragoak eskainiko dizkie eskatzaileei eta enpresei, eta burokrazia murriztuko du, Europa osoan hazkundean eta kalitatezko enpleguaren sorreran ardaztu ahal izan daitezen.

Akordioak EBren inbertsio-gaitasuna bultzatuko du aurreko eragiketen etekinak berrinbertitzearen bidez, estatu kideei InvestEUra baliabide gehigarriak bideratzea erraztuko die, laguntza gehigarria emanen die InvestEUren Aholkularitza Zentroaren bidez kalitatezko inbertsio-proiektuak garatzeko, eta administrazio-karga murriztuko du. Txostenak sinplifikatzeak 350 milioi euro aurreztea ekarriko duela espero da. Aldaketa horien bitartez, InvestEUk inbertsio berriak mobilizatuko ditu, eta lehiakortasuna, ikerketa, berrikuntza, deskarbonizazioa, jasangarritasuna eta gaitasunak bultzatuko. Funts pribatuak zein publikoak mobilizatzen dituenez, InvestEU funtsezko oinarria da EBren epe luzerako hazkunde-estrategian. Europaren trantsizio bikoitza —berdea eta digitala— laguntzen du, eta, aldi berean, erresilientzia ekonomikoa eta aukerak indartzen ditu, bai enpresentzat, bai herritarrentzat.