Batzordeak kontsulta publikoa ireki du etxaldeko animalien ongizateari buruzko EBko legeria berrikuste aldera informazioa biltzeko. Nekazariei, herritarrei, enpresei, nazioko eta eskualdeko agintariei, GKEei eta bestelako alderdi interesdunei beren ikuspuntuak partekatzeko eskatu zaie.
Legeria hori Várhelyi komisarioari zuzendutako mandatu-gutunaren ondorioz berrikusi behar da, Nekazaritza eta Elikadurarako Ikuspegiaren testuinguruan. Joan den otsailean onartu zen, eta Batzordeak konpromisoa hartu zuen nekazariekin, elikagaien horniduraren sektorearekin eta gizarte zibilarekin animalien ongizateari buruz truke estua izateko. Batzordeak datorren urtearen hondarrean aurkeztuko du EBko legeria berrikusteko lehen proposamena. Proposamen hori datu enpirikoetan oinarrituko da, eta Batzordeak «End the Cage Age» (kaiolak akabatu ditzagun) herritarren ekimenari emandako erantzunaren jarraipena izanen da. EBn inportatutako produktuei buruzko animalien ongizate-arauen gaia ere jorratuko da. Batzordearen berrikuspen-lana beste kontsulta-jarduera batzuetan ere oinarrituko da, hala nola alderdi interesdun nagusiei egindako inkesta espezifikoetan, bai eta Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzaren (EFSA) ekarpen zientifikoetan ere.
Várhelyi komisarioak honako hau adierazi du: «Animalien ongizateari buruzko zenbait arau modernizatzea gure herritarren itxaropen argia da. Eskaera horri erantzuteko, eta aldi berean Europako nekazarien lehiakortasunari eusten zaiola bermatzeko, alderdi interesdun guztien iritzia jakin nahi dugu etxaldeko animalien ongizateari buruzko arauei dagokienez. Mundu guztiak proba sendoetan oinarritutako irtenbide bideragarriak eta etorkizunean mantentzeko modukoak proposatzea behar dugu».
Kontsulta «Eman zure iritzia» atarian dago eskuragarri, eta 2025eko abenduaren 12ra arte egonen da irekita. Informazio gehiago online kontsulta dezakezu.