Europako Batzordeak inkesta bat argitaratu du, birgaitze energetikoko prozesuetan inplikatutako herritarren, profesionalen eta erakundeen benetako esperientziak biltzeko. Helburua da komunitateek horrelako ekimenak garatzean dituzten oztopo nagusiak –teknologikoak, finantzarioak, legalak, araudiaren ingurukoak eta sozialak– identifikatzea, eta informazio hori Europako etorkizuneko jarraibideetarako oinarri gisa erabiltzea, proiektu horiek kontinente osoan bideratu, zabaldu eta orokortzeko.
Herritarrek trantsizio energetikoan aktiboki parte hartzea funtsezkoa da eredu bidezkoagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa lortzeko. Horregatik, kontsulta horren helburua da, datu teknikoak biltzeaz gain, zuzenean ulertzea tokiko komunitateek Europako hainbat testuingurutan sustatzen dituzten birgaitzeen inguruan sortzen diren benetako beharrak, ikaskuntzak eta aukerak.
Inkesta eskuragarri dago Europako Batzordeko Herritarrei Berritzen Laguntzeko Zerbitzuaren atari ofizialean, eta 2025eko urriaren 10era arte dago irekita. Hainbat eragileri zuzenduta dago: aditu teknikoak, arduradun politikoak, herritarrak, kooperatibak, ikertzaileak eta erakundeak. Inkesta betetzeko denbora, gutxi gorabehera, 5 eta 10 minutu bitartekoa da.
Emaitzek Europako gida bat garatzen lagunduko dute, zeinak helburu izanen baitu oztopo komunak gainditzea eta komunitateek Europako eraikuntza parkearen birgaitze energetikoan duten zeregina indartzea. Ekimen hori Europar Batasunaren estrategia zabalago baten parte da, eta estrategia horren xedea da irtenbide parte-hartzaileak sustatzea, energia efizientzia bizkortuko dutenak eta klima helburuak betetzen lagunduko dutenak.