Finantzatuta, bai funts propioekin, bai Ikasgela Digital Interaktiboaren hedapenari lotutako SEM funtsekin
Ikasturte hasierako jarraibideetan ezarri zen bezala, eta hezkuntza-gailu eta -plataformetarako sarbidean segurtasuna areagotzeko asmoz, Hezkuntza Departamentua lanean ari da EDUCA identitateari lotutako autentifikazio-faktore bikoitza sartzeko. Ikasgelan errazago sartzeko, panel interaktiboek NFC irakurgailuak izanen dituzte; ordenagailu eramangarrietan, berriz, USB bidez konektatutako giltza baten bidez indartzen ahalko da sarbidea. Gainera, sistemak faktore bikoitzeko beste modalitate batzuk ere onartzen ditu, hala nola autentifikazio-aplikazioak, kode inprimatuak edo posta elektroniko bidezko kodeak.
Ezarpena progresiboa izanen da, eta erabiltzaile-profil desberdinetara egokituko da; beraz, guztiek ez dute giltzarik izanen lehen fase honetan. Giltza horiek EDUCAn informazio sentikorrerako sarbidea indartzeko etorkizuneko baliabide gisa ere ulertzen dira, kolektibo jakin batzuek, hala nola zuzendaritza-taldeek edo orientatzaileek, garrantzi bereziko datuak babesteko segurtasun-geruza gehigarri bat izan dezaten.
Kontzeptu horrengatik baliabideak berritu eta segurtasun digitala indartzeak 1.962.163,97 euroko inbertsioa ekarri dio Departamentuari.
Hezkuntzak jarduketa-sorta bat aktibatu du uda honetan, baliabideak berritzeko eta sistemaren segurtasuna indartzeko. Jarduketa horiek funts propioekin zein Ikasgela Digital Interaktiboaren hedapenari lotutako SEM funtsekin finantzatu dira, eta 4.918.285 euroko inbertsioa egin da guztira.
Kontratazio nagusiak ebaluazio-fasean daude, dagoeneko formalizatuta dagoen Ikasgela Digital Interaktiboen SEM kontratuaren lehen aldaketarekin koordinatuta.
Jarduera nagusietako bat da irakurgailuak eta NFC giltzak baliatzea ordenagailu eramangarrietara eta beste gailu digital batzuetara sartzeko. 5.000 irakurgailu eta 5.000 NFC giltza eskuratu dira. Horiek sare publikoko ikastetxeetara banatuko dira ikasturtearen hasieran, eta hurrengo asteetan instalatuko dira panel interaktiboetan. Errazago ezartzeko, prestakuntza-pilulak sortuko dira ikastetxeetako irakasle eta langileentzat, sistemaren funtzionamendua eta autentifikazio-faktore bikoitzaren abantailak azaltzeko.