Gosetea jada ez da arrisku bat Gazan. Errealitatea da. Haurrak gosez eta gaixotasunez hiltzen dira, eta familiek, berriz, jan gabe igarotzen dituzte egunak. Edateko ura eta osasungintza jada ez daude eskura.

Elikagaien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuak (IPC), elikagaien eta nutrizioen krisiak aztertzeko munduko erreferentzia denak, gaur argitaratu duen txostenak berresten du Gazako gobernazioa gosete-egoeran dagoela uztailetik. Aurreikuspenen arabera, Deir al-Balah eta Khan Younis hirietan heldu den asteetan gosetea nozituko dute, ez bada jada errealitate horri aurre egiten ari direla.

Hori da okertzerik larriena 2024ko maiatzetik, orduan hasi baitzen Elikagaien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratu aztertzen Gazako zerrendako elikadura-segurtasun falta akutua eta malnutrizioa.

Gazan, 500.000 pertsonak baino gehiagok gosete-baldintza katastrofikoak dituzte. Aurreikuspenen arabera, irailaren amaierarako kopuru hori ia 641.000 pertsonara igoko da, hau da, ia hirutik bat Gazako zerrendan.

Gazako egoera humanitarioa onartezina delako zantzu argia da hori. Jendea gosez hiltzen da, eta laguntza mugan metatzen da, behar dutenengana iritsi gabe. Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren (NZH) arabera, gatazka bateko alderdi guztiek bermatu behar dute biztanleria zibilaren oinarrizko premiak asetzen direla, bereziki elikagaiak, ura eta arreta medikoa. Nazio Batuen agentziek eta gobernuz kanpoko erakunde humanitarioek (GKE) premian dauden pertsonei laguntza ematea ahalbidetu behar da, murrizketarik gabe.

Nazioarteko komunitateak elikagaiak banatzeko etengabe egiten dituen ahaleginak gorabehera, Gazako zerrendara iristen diren kantitateak ez dira nahikoak gosete masiboa saihesteko. Krisiaren handitasunak erantzun jasangarria eta eskala handikoa eskatzen du, benetako susperraldia ahalbidetzeko.

Berriro diogu Israelek laguntza berehala jasotzeko aukera bermatu behar duela, kanal seguru eta eraginkor guztien bidez, Gazako biztanle guztiengana irits dadin. Israelek nazioarteko GKEen laguntza-bidalketa guztiak baimendu behar ditu, eta funtsezko eragile humanitarioen operazioa ahalbidetu behar du, printzipioekin.

Itzulerarik gabeko puntu batera hurbiltzen ari gara.

Goseteak are bizitza gehiago eramanen ditu berehala jarduten ez bada. Eraginik gabeko egun bakoitzak esan nahi du zibil gehiago hilko direla, haurrak barne. Bada garaia Israelek berehalako sarbide humanitarioa baimen dezan, trabarik gabekoa eta behar duten pertsona guztienganakoa.