Egun horretan, EBk omenaldia egin nahi die erlijio, sinesmen erreal edo hautemandako sinesmenengatik edo horiek ez izateagatik intolerantzia, diskriminazioa, etsaitasuna, gorrotoa, jazarpena edo indarkeria jasan duten guztiei.

Azken urtean, munduak ikusi du hainbat erlijio-afiliazio, komunitate edo gutxiengotako milioika pertsona direla gatazken, terrorismoaren, errepresioaren, larderia kolektiboaren eta gorroto-diskurtsoaren ondoriozko indarkeriaren biktima. Gatazkek eragindako gorrotoak, intolerantziak, estremismoak, eta autoritarismoak segitzen dute arriskuan jartzen pertsona askoren eskubideak eta askatasuna, eta, halaber, arriskuan jartzen dituzte haien familiak, komunitateak, erlijio-lekuak eta kultu-lekuak .

EBk irmoki defendatzen du pertsona guztiek pentsamendu-, kontzientzia-, erlijio- edo sinesmen-askatasuna izateko duten eskubidea, bai eta beren erlijioa edo sinesmenak adierazteko edo aldatzeko duten eskubidea ere, diskriminazio-, jazarpen- edo indarkeria-arriskurik gabe. Pertsona guztiek eskubidea dute beren erlijioa edo sinesmenak banaka edo komunitatean praktikatzeko, modu pribatuan nahiz publikoan. Kultu-lekuak eta erlijio-ondareko lekuak une oro babestu behar dira, bereziki bertan biltzen diren pertsona-taldeek mehatxuei aurre egin behar dietenean.

Estatu guztiei eskatzen diegu neurriak har ditzatela, erlijioan edo sinesmenetan oinarritutako intolerantziari, diskriminazioari, gorrotoari eta indarkeriari aurre egiteko. Nazioarteko komunitateak honako honetan oinarritutako kultura sustatu behar du: erlijio-tolerantzia, aniztasunarekiko errespetua eta elkar ulertzea; halaber, bultzatu behar du erlijioen eta kulturen arteko elkarrizketa, elkarrekin bakean bizitzeko funtsezko tresna gisa. EBk lanean jarraitzen du helburu hori lortzeko; adibidez, iaz bi proiektu multinazional finantzatu zituen, 2027ra arte Asian eta Afrikan gauzatuko direnak. Horien helburua da erlijio- edo sinesmen-askatasuna sustatzea eta erlijioan edo sinesmenetan oinarritutako diskriminaziotik, intolerantziatik eta indarkeriatik pertsonak babestea.

EB prest dago mundu hobea eraikitzen laguntzeko, non erlijio eta sinesmen guztietako pertsonak giza-eskubideez baliatzen eta elkarrekin bizitzen ahal baitira, beldurrik gabe, askatasunean eta bakean, non dauden kontuan hartu gabe.