Dena prest abiatzeko? Laster udako oporretara joaten bazara, zure bidaia-planak porrot ez egitea espero dugu. Baina, hala balitz, jakin behar duzu bidaiei buruzko EBko arauek bidaiariak babesten dituztela hainbat egoeratan. Hegaldia bertan behera gelditzen bada, trena atzeratu edo ekipajea itsas-bidaia batean galdu bada, eskubidea duzu erreklamazioa jartzeko, bidaiariek EB osoan dituzten eskubideen arabera.

Erreklamazioa aurkeztu behar baduzu, eskubide desberdinak izanen dituzu, erabili duzun garraio motaren arabera (hegazkina, trena, autobusa edo itsasontzia), eta EBra, EBtik edo EBren barnean bidaiatzen duzunaren arabera. Hala ere, kasu gehienetan, prozedura estandar bat dago, eta prozedura horri jarraitu behar diozu erreklamazio bat aurkeztu behar baduzu atzerapen batengatik, bertan behera uzteagatik edo ekipajearekin arazoak izateagatik.

Lehenik eta behin, jarri harremanetan txartela erosi zenuen bidaia-konpainiarekin, ematen dizuten erreklamazio-inprimakia erabiliz. 1etik 3 hilabetera bitarteko epean enpresak erantzuten ez badizu, aukeratutako garraio motaren arabera, edo erantzunarekin pozik ez bazaude, erreklamazioa aurkez diezaiokezu arazoa gertatu den herrialdeko agintari nazional eskudunari. Tokiko Kontsumitzaileen Europako Zentroarekin ere jar zaitezke harremanetan, bidaiarien eskubideekin lotutako arazoei buruzko laguntza eta aholkularitza jasotzeko.

Erreklamazioarekin arazoak izaten jarraitzen baduzu, saia zaitezke auzia konpontzen auzibidetik kanpoko prozeduren bidez edo gatazkak modu alternatiboan konpontzeko erakunde baten bidez. Txartela Internet bidez erosi bazenuen, erreklamazioa aurkez dezakezu auziak online ebazteko plataformaren bidez.  Auziak ebazteko bi modu horiek EBko egoiliarrentzat baino ez daude eskuragarri.

Desgaitasunen bat edo mugikortasun murriztua baduzu, eskubidea duzu hegazkinez, trenez, autobusez edo itsasontziz bidaiatzeko, beste edozein pertsonak bezala, bai eta terminaletan eta ibilgailuetan doako laguntza jasotzeko ere. Zure eskubideak urratu direla uste baduzu, bete aurreko jarraibideak erreklamazio bat aurkezteko. Jarraian, bidaiarien eskubideei buruzko informazio gehiago aurkituko duzu.

Informazioa