Erripagaña auzoko lehen zuzkidura publikoa da. Nafarroako Gobernuak 5,7 milioi inbertitu ditu, eta Next-EB funtsekin finantzatu da

Nafarroako lehendakari María Chivite Navascués, ostegun honetan, Erripagañako Egunsenti haur-eskolan izan da; Nafarroako haur-eskola handienean, hain zuzen ere. Auzoan eraikitako lehen azpiegitura publikoa da, eta bertan Iruñerriko 144 haurrek doan eginen dute 0-3 hezkuntza-zikloa, gaztelaniaz eta euskaraz. Nafarroako Gobernuak 5,7 milioi euro inbertitu ditu eskolan, eta Next-EB SEM funtsekin finantzatu da, Espainiako Gobernuaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez.

Egunsenti haur-eskola da Nafarroako Gobernuak inguruko auzotarren zerbitzura abian jarri duen lehen azpiegitura publiko handia, eta bereziki Erripagaña auzorako eraiki du, entitate horrek, lau udalerritan banaturik, 11.000 biztanletik gora baititu.

Europako finantzaketaren laguntzarekin, eta Estatuak kudeatuta, Nafarroako Gobernuak 5.712.005 euro inbertitu ditu guztira, eskola eraikitzeko.  Plaza kopuru bera du gaztelaniaz eta euskaraz (77), eta guztira 0-3 urteko 144 haur har ditzake. Ikasleak 12 unitatetan banatuko dira, adin bakoitzari dagokion ratioaren arabera. Hezkuntzako langileak arituko dira bertan: 12 hezitzaile, zerbitzu orokorretako 4 garbitzaile, sukaldari bat eta bi laguntzaile.

Hezkuntza-eremua behe-solairuan eraiki da eta 2.230 metro karratu hartzen ditu, Burlatako Udalak erabilera horretarako lagatako lurzati batean. Atondotik zerbitzugunera sartzen da, zeina irekia baitago jolaserako barne-lorategi argitsu batera, domus erromatarren patioen egitura hartuz. Patio hori soropil artifizialarekin estalia dago eta jolaserako elementuak ditu; alboetan bi hegal ditu, bata gaztelaniazko lerrorako eta bestea euskarazko lerrorako, eta horietan hiru ikasgela bikoitz, bakoitza 101 metro karratukoa, komunekin eta logela banarekin hornituak. Halaber, haurren aulkitxoak gordetzeko gelak daude, bai eta erabilera anitzeko eta psikomotrizitateko gelak eta hiru lantegi ere.  Zerbitzugunean, berriz, zuzendaritza-espazioak, bilera-gelak, sukaldea, instalazio-gelak, ikuztegia, komunak eta langileen aldagelak daude. Barneko patioa jolaserako lorategi gisa diseinatu da.

Informazio gehiago