Iruzkinak egiteko epea 2025eko azaroaren 6an amaituko da.
Batzordeak kontsulta publiko bat eta proben deialdi bat egin ditu Ekonomia Zirkularraren hurrengo Legerako.
Urrats garrantzitsua da inpaktua ebaluatzeko prozesuan, eta, horri esker, Batzordeak alderdi interesdun ugaritatik eta, oro har, herritarrengandik biltzen ahalko du informazioa. Hala, hobeki ulertuko du zer oztopo eta aukera dauden ekonomia zirkularra areago hedatzeko.
Ekonomia Zirkularraren Legearen helburua da ekonomia zirkularrago baterako trantsizioa azkartzea, EBren segurtasun ekonomikoa, erresilientzia, lehiakortasuna eta deskarbonizazioa handitzearren.
Legea 2026an onetsiko dela aurreikusia dago, eta helburu hauek ditu: bigarren mailako lehengaien merkatu bakarra ezartzea, kalitate handiko material birziklatuen eskaintza handitzea eta material horien eskaria suspertzea EBn.
Horrek bat egiten du Letta eta Draghi txostenetan, industrian (Budapesteko adierazpena), Kontseilu Europarrean (Anberesko adierazpena) eta Parlamentuan finkatu gomendioekin.
Ekonomia Zirkularrari buruzko Legea lagungarria izanen da Lehiakortasunaren Iparrorratzean eta Industriako Itun Garbian finkaturiko asmo handinahiak betetzeko, hots, EB munduko liderra bihurtzea ekonomia zirkularrean 2030erako, eta EBren zirkulartasun-tasa bikoiztea.
Era berean, kontsultak aukera emanen du Ekonomia Zirkularrari buruzko Legea bat etor dadin EBn funtsezkoak diren beste ekimen batzuekin, hala nola Lehiakortasunaren Iparrorratzarekin, Merkatu Bakarraren Estrategiarekin, eta Altzairuaren eta Metalen Ekintza Planarekin, eta orobat emanen du bidea berriki onetsitako lege batzuk ezartzeko, hala nola Produktu jasangarrien diseinu ekologikoaren Erregelamendua, Ontzien eta ontzi-hondakinen Erregelamendua eta Lehengai kritikoei buruzko Legea.
Interesa duten alderdi guztiak online kontsultan parte hartzera animatu nahi dira, eta horretarako “Eman zure iritzia” atarira jo behar da. Iruzkinak bidaltzeko epea 2025eko azaroaren 6ra arte egonen da zabalik.