2025eko uztailaren 27an, Europako Batzordeko lehendakari Ursula von der Leyenek eta Estatu Batuetako lehendakari Donald J. Trumpek akordio bat adostu zuten muga-zergei eta merkataritzari dagokienez.

Atlantikoaz gaindiko elkartea munduko merkataritzaren funtsezko arteria da, eta aldebiko merkataritza- eta inbertsio-harremanik garrantzitsuena da munduan. EBren eta AEBren artean egiten den ondasunen eta zerbitzuen merkataritza bikoiztu egin da azken hamarkadan, eta 1,6 bilioi eurotik gorakoa izan da 2024an: ondasunen merkataritza 867.000 milioi eurokoa izan da, eta zerbitzuen merkataritza, 817.000 milioi eurokoa. Horrek esan nahi du egunero 4.200 milioi euro baino gehiagok gurutzatzen dutela Atlantikoa. Lankidetza sakon eta zabal horrek elkarrekiko inbertsioa du oinarri. 2022an, EBko eta AEBko enpresek 5,3 bilioi euro inbertitu zituzten, zeinek bere merkatuan.

Akordio politiko honek egonkortasuna eta aurreikuspenak egiteko ahalmena berrezarriko ditu Atlantikoaren bi ertzetako herritarrentzat eta enpresentzat. Akordioak bermatzen du EBko esportazioek etengabeko sarbidea izanen dutela Estatu Batuetako merkatuan; hala, sakon integraturiko balio-kateak gordetzen dira –haietako asko ETEen mende daude–, eta enplegua eraginkortasunez babesten da. Gainera, EBren eta AEBren arteko etengabeko lankidetzarako oinarriak ezartzen ditu.

2025eko uztailaren 27ko akordio politikoan, Von der Leyen eta Trump lehendakariek zenbait parametro adostu zituzten, funtsezkoak direnak EBren eta AEBren arteko merkataritza-harremanean. Lehen urrats honek prozesu bat abiarazten du, zeina denborarekin zabalduko baita arlo berriak barne hartzeko eta merkaturako sarbidea are gehiago hobetzeko.

Hauek dira bi alderdien konpromiso nagusiak:

  • EBko produktuetarako gehienezko muga-zerga bakarra eta integrala ezarri da, % 15ekoa. Abuztuaren 1etik aurrera, AEBk gehienezko muga-zerga hori aplikatuko du EBko esportazio gehienetan. Muga-zerga integrala da, eta gehieneko bat ezartzen du, barne hartuta Estatu Batuetako nazio onuragarrienaren muga-zerga (MFN), aldez aurretik AEBk ezarritako muga-zerga gehigarrietan metatua.
    • % 15eko gehienekoa aplikatuko zaie gaur egun elkarrekiko muga-zergen mende dauden EBko esportazio ia guztiei (salbu eta Estatu Batuetako MFN muga-zerga % 15etik gorakoa bada, kasu horretan MFN muga-zerga aplikatuko da, bestelako muga-zerga gehigarririk gabe).
    • % 15eko gehienekoa aplikatuko zaie, halaber, automobilei eta haien osagaiei. Gaur egun % 25erainoko muga-zerga aplikatzen zaie, eta % 2,5eko MFN muga-zerga gehigarria; hortaz, berehala arinduko dira muga-zergak.
    • % 15eko gehienekoa aplikatuko da baita etorkizunean produktu farmazeutikoen eta erdieroaleen gainean ezar litekeen edozein muga-zergaren kasuan, 232. atalean oinarriturikoak barne hartuta. Estatu Batuek erabaki artean ea, 232. atalarekin bat, muga-zerga gehigarriak ezartzen dizkien produktu horiei, soilik Estatu Batuetako MFN muga-zergak aplikatuko zaizkie.
  • Produktu estrategikoen tratu berezia. 2025eko abuztuaren 1etik aurrera, urtarrila baino lehenagoko mailetara itzuliko dira Estatu Batuetako zenbait muga-zerga, EBko aireontzien eta aireontzien osagaien gainekoak, substantzia kimiko jakin batzuen gainekoak, sendagai generikoen gainekoak eta natura-baliabideen gainekoak, besteak beste. Horrek esan nahi du muga-zergak berehala jaitsiko direla EBko funtsezko industria batzuetan, eta EBk eta AEBk adostu zuten aurrerantzean ere lanean ariko direla zerrenda horretan produktu gehiago sartzeko.
  • Hala, ahaleginak batuko dituzte, altzairuaren, aluminioaren eta kobrearen sektoreak lehia desleial eta distortsionatzailetik babesteko. Gehiegizko gaitasun globala mehatxua da bai EBko eta bai AEBko industrientzat. EBk eta AEBk, batera, maila historikoetan ezarriko dituzte EBko esportazioen gaineko muga-zergen kontingenteak: murriztu eginen dira gaur egungo muga-zergak, % 50ekoak, eta, aldi berean, lehia global bidezkoa bermatuko da.
  • AEBren eta EBren interesekoak diren merkataritza-truke batzuk liberalizatzea. EBko inportatzaileek eta kontsumitzaileek 5.000 milioi euro inguru aurreztuko dituzte urtean muga-zergetan, eta EBko industriaren eta nekazaritzaren arloko alor sentsible nagusiak babestuta geldituko dira.
    • Ondasunen gaineko muga-zerga baxuak kentzea. Ondasun industrialen gaineko EBko MFN muga-zergak baxuak dira, oro har; orain, EBk muga-zerga horiek kenduko dizkie Estatu Batuetatik datozen ondasun industrialei.
    • EBko merkaturako sarbide hobea Estatu Batuetako arrantza-produktuen kopuru mugatu batzuentzat. Merkatua gehiago irekiko zaie Estatu Batuetako produktu batzuei, hala nola Alaskako abadirari, Ozeano Bareko izokinari eta izkirei –guztiei muga-zergen kontingenteak aplikatzen zaizkie, eta hori onuragarria da EBko eraldaketa-industriarentzat.
    • Merkaturako sarbide hobea sentsibleak ez diren Estatu Batuetako nekazaritza-esportazio batzuentzat, 7.500 milioi euroko balioa dutenak. EBko merkaturako sarbide hobea izanen dute zenbait produktuk, hala nola soja-olioak, haziek, zerealek, fruitu lehorrek, eta ketchupak, kakaoak, galletek eta beste elikagai prozesatu batzuek (guztiei muga-zergen kontingenteak aplikatuko zaizkie), eta, hala, jaitsi eginen dira gure nekazari eta prozesadoreek intsumo batzuen truke ordaindu beharreko kostuak, EBko nekazaritzaren arloko alor sentsible batzuk babestearekin batera.
  • Muga-zergez bestelako oztopoak gutxitzea, are automobilen eta automotorren gaineko arauei dagokienez lankidetzan arituz, eta beste industria-sektore batzuetan adostasun-ebaluazioak elkarri aitortzea erraztuz.
  • Segurtasun ekonomikoaren arloko lankidetza indartzea. EBk eta AEBk hornidura-katearen erresilientzia hobetuko dute, eta merkataritzakoak ez diren politikei eta praktikei helduko diete. Halaber, aurrerantzean ere lankidetzan ariko dira inbertsioak ebaluatzeko eta esportazioak kontrolatzeko.
  • Energia kritikorako eta horniduretarako sarbide fidagarria bermatzea etorkizunari begira. EBk Estatu Batuetako gas natural likidotua, petrolioa eta energia nuklearreko produktuak eskuratu nahi ditu, eta aurreikusitako eskaria 750.000 milioi dolarrekoa da (700.000 milioi euro inguru) datozen hiru urteetarako. Hori lagungarria izanen da EBko merkatuan Errusiako gasa eta petrolioa ordezteko. EBk, halaber, adimen artifizialeko txipak eskuratu nahi ditu, 40.000 milioi euroren truke, funtsezkoak baitira EBren abantaila teknologikoari eusteko.
  • Atlantikoaren bi aldeetan elkarrekiko inbertsioak sustatzea eta erraztea.  EBko enpresek adierazi dute interesa dutela gutxienez 600.000 milioi dolar (550.000 milioi euro, gutxi gorabehera) inbertitzeko AEBko zenbait sektoretan, 2029rako, eta horrek are gehiago handituko du jada 2,4 bilioi eurokoa den inbertsioa.

Von der Leyen eta Trump lehendakariek lortutako akordio politikoak mesede egiten die EBren funtsezko interes ekonomikoei: EBren eta AEBren arteko merkataritza- eta inbertsio-harreman egonkorrak eta aurresateko modukoak. Aldi berean, EBren subiranotasun arautzailea errespetatzen du erabat, eta Europako nekazaritzako sektore sentsibleak babesten ditu, hala nola behi-haragia eta hegazti-hazkuntza.

2025eko uztailaren 27ko akordio politikoa ez da juridikoki loteslea. Hitzemandako berehalako neurriak hartzeaz gain, EB eta AEB negoziatzen ariko dira aurrerantzean ere, kasuan kasuko barne-prozedurekin bat, akordio politikoa erabat ezartzeko.

Informazio gehiago