Ondasunek askatasunez zirkula dezakete EBren barruan, baina arau zehatz batzuk daude kontsumo ondasun jakin batzuk EBko herrialde batetik beste batera garraiatzeko. Baimendutako kantitateak errespetatzen ez badituzu (herrialdearen arabera alda daitezke), zure ondasunak konfiskatzen ahalko dizkizute, isun bat ezartzen ahalko dizute edo zigor arloko prozesu baten pean ere jartzen ahalko zaituzte.

EBtik bidaiatzea

Hauxe da albiste ona: EBren barruan bidaiatzen baduzu, edozein haragi edo esneki mota eraman dezakezu zurekin, baldin eta norberaren kontsumorako bada. Gauza bera gertatzen da moztutako loreekin, frutekin edo barazkiekin, baldin eta EBko herrialde batean landu badira eta izurririk edo eritasunik ez badute. Arau horiek honako hauei ere aplikatzen zaizkie: ekipajean daramatzazun, online erosi dituzun edo postaz igorri dizkizuten haragia, esnekiak eta landare produktuak.

Hala ere, mugak daude bularreko haurrendako esne hautserako (10 kg baino gutxiago), haurtxoendako elikagaietarako, arrazoi medikoengatik behar diren elikagaietarako eta lagun egiteko animaliendako pentsu berezietarako.

Alkoholari eta tabakoari dagokienez, produktu horiek garraiatzeko eskubidea duzu, betiere norberak erabiltzeko badira, eta ez birsaltzeko. EBko herrialde bakoitzak erreferentzia balio propioak ezartzen ahal ditu bere lurraldean sartzen ahal dituzun kantitateetarako. Hala ere, balio horiek ezin dira izan EBn ezarritako erreferentzia mailak baino txikiagoak: 800 zigarreta, 1 kg tabako, 10 litro edari alkoholdun, 20 litro ardo alkoholdun, 90 litro ardo eta 110 litro garagardo.

Ez dago araurik EB osorako, EBko herrialdeen artean eskudiruarekin bidaiatzeari dagokionez. Hala ere, bidaiatu aurretik, komeni da tokiko aduana agintariei kontsultatzea beti, egiaztatzeko igarotzeko eta iristeko tokiko araurik dagoen abiapuntuko herrialdean.

Atzerrian zaudela arazoren bat baduzu EBko edozein herrialdetan erositako ondasun akastunekin, eduki digital akastunekin edo zerbitzu digital akastunekin, zure herrialdeko Kontsumitzailearen Europako Zentroak laguntzen ahalko dizu. Legedi nazionalak ematen dizkizun eskubideei buruzko informazio zehatzagoa nahi baduzu, kontsultatu erosketa egin duzun herrialdeko lege eta merkataritza bermeei buruzko arau espezifikoak.

 

Informazio gehiago